Aranur ISB, estatuko lau talde onenen artean

Junior neskek ezin izan dute finalerdian Gran Canaria garaitu (39-85) eta bihar, zapatua, hirugarren postua izango dute jokoan, Leongo taldearen kontra. Final laurdenetan Sant Adriari, Kataluniako lehen taldeari, irabazi zioten atzo Aritz Aldalurren neskek.

Iraurgi Saski Baloi taldeko junior neskak Guadalajaran dabiltza Espainiako Txapelketa jokatzen, joan den larunbatetik. Aranur ISBk gaur arteko partida guztiak irabazi ditu eta, horri esker, estatuko lau talde onenetan sartu da. Atzo, osteguna, Sant Adriari, Kataluniako talde onenari, 75 eta 79 irabazi zion luzapenean eta finalerdietarako sailkapena lortu zuen. Gaur, ordea, ezin izan du Kanariar Irletako Gran Canarias taldea mendean hartu, eta bihar hirugarren postua lortzeko Aros de Leon taldearen aurka egingo du borroka.

Azpeitiko neska gazteak izugarrizko denboraldi ona egiten ari dira eta horren saria jasotzen ari dira Guadalajaran. Dominarekin edo dominarik gabe itzuliko dira Aranur ISBkoak, baina lortzen ari direna historiara pasatuko da, bai gure bailaran eta baita Euskadi mailan ere. Horregatik, hemendik beraien aurrean txapela kendu eta zorionak esatea bakarrik gelditzen zaigu. Ziur gaude bihar gogor borrokatuko dutela eta hirugarren postua eskuratuko dutela.

ZORIONAK ARANUR ISB!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide