Azpeitiko Udalak harrera egin zien atzo, igandean, Iraurgi Saskibaloi Taldeko Zurt eta Aranur taldeei. Izan ere, Espainiako Bigarren mailara igo zen atzo Zurt ISB eta Espainiako txapelketan brontzezko domina lortu zuen Aranur ISBk.
18:30ean Udal musika bandak lagunduta iritsi ziren udaletxera bi taldeetako jokalariak eta entrenatzaileak, jokalarien gurasoak eta ISBko ordezkariak. Udaletxeko areto nagusian hartu zituen Eneko Etxeberria alkateak, eta zorionak eman zizkien bi taldeei. "Krisia dela-eta, ekonomikoki gaizki daude Azpeitia, Azkoitia eta Zestoa, eta horrelako talde onak irtetea harrotasunerako arrazoi dira", azaldu zuen. Jose Luis Zubizarreta Iraurgi Saskibaloi taldeko ordezkariak nabarmendu zuen "inoiz" ez duela emakumeen talde batek "halako ilusioa" sortu herrian, eta zorion hitzak izan zituen ISBko bi taldeentzat.