Zuen esku

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Albizu Lizaso 2015ko mai. 22a, 16:43

"Informatu, proposamenak alderatu, eta nahi duzuenari eman botoa. Baina joan bozkatzera". Eskaera hori egin zien herritarrei Eneko Etxeberria EH Bilduko alkategaiak, asteartean Aitor Gorrotxategi EAJko alkategaiarekin izan zuen buruz burukoan. Izan ere, ez bozkatzea ere iritzia ematea da, baita boto zuria ematea edo boz baliogabea hautestontzian sartzea ere. Hala ere, erabaki bakoitzak ditu ondorioak.

Ez botatzeko erabakia hartzen baduzu, parte-hartze datuek behera egingo dute. Beraz, herritar gutxiagok erabakiko dute nor izango diren udalerriko edo probintziako ordezkari politikoak. Horrek zera esan nahi du, zinegotziak lortzeko ere boto kopuru gutxiago beharko dituztela alderdiek, alderdi guztiek. Horrek historikoki eskuinari onura egin diola esan ohi da, ezkerreko alderdietako jendea kritikoagoa delako, eta eskuinekoek ez diotelako hain erraz bozkatzeari uzten. Horrenbestez, zera da teoria, ezkerreko jendea protesta egiteko etxean gelditzen den bitartean, eskuinekoek jarraitu egiten dutela boza ematen. Eskuinaren eta ezkerraren binomio hori, abertzale eta ez abertzaleen eremura ekar dezakegu. EH Bildu edo EAJtik gertu sentitzen diren pertsonek botoa ematen ez badute, horrek lagundu egingo die talde ez abertzaleei, boto gutxiago beharko baitituzte eserleku bat lortzeko. Alderantziz ere gerta daiteke.

Ez bozkatzearen inguruan irakurketa asko egin daitezke, baina zaila da jakitea zer erakutsi nahi duen bozkatzera joaten ez den pertsonak. Batzuek adostasun ezagatik erabakiko dute etxean gelditzea, ez zaizkielako gustatzen sistemaren aldamioak eta ordezkariak hautatzeko formula. Beste batzuk, ordea, etxean geldi daitezke ez diotelako kanpainari kasurik egin eta ez zaielako axola hauteskundeetan zer erabaki hartzen den.

Zurian botatzea erabakiz gero, parte-hartze datuetan kontuan hartuko dute zure boza. Kasu honetan, zure erabakiak kalte egiten dio boto gutxi jasotzen dituzten taldeei. Izan ere, parte-hartze datuen arabera estrapolatzen da eserlekua eskuratzeko gutxieneko boto kopurua. Espainiako estatuko udaletan, eserleku bat lortzeko beharrezkoa da parte hartu duten herritarren %5en boza jasotzea, gutxienez. Labur esanda, zenbat eta jende gehiagok eman boza, orduan eta boto gehiago behar dituzte talde txikiek eserlekua lortzeko. Ez du axola boto horiek zuriak diren edo ez. Beraz, eskualdean, boto zuria emanez gero, EH Bildu edo EAJ, udalerriaren arabera, izan daitezke onuradunak. Beste ohar bat: botoa zurian emateko, gutun-azala bakarrik bota behar da hautestontzira, barruan paper zuri bat sartuz gero, boto hori baliogabea da.

Zer gertatzen da zure botoa baliogabea bada? Boto baliogabeak ez dio erasaten inori: ez talde txikiei, ezta handiei ere. Parte-hartze datuetan kontuan hartzen dituzte boto baliogabeak, baina zinegotzien banaketa egiterakoan kanpoan uzten dituzte. Boto baliogabeak izan daitezke egoera txarrean daudenak, marrazkiak dituztenak, gutun-azal berean bi paper dituztenak eta abar.

Beraz, boto baliogabea hartzen da "protesta" edo "haserre" boza bezala, beste biek izan dezaketelako eraginen bat emaitzetan. Beste aukera talde politikoren bati bozkatzea litzateke, Etxeberriak dioen moduan. Onenetan onenari; edo, zergatik ez, txarrenetan onenari. Zuen esku.

Urola Kostako Hitza-ren webgunean argitaratutako analisia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide