Azpeitia 2 eta 1 aurreratu da Herriartekoan

Erabiltzailearen aurpegia Ilunpe Pilota Elkartea 2015ko mai. 25a, 15:29

Ilunpe elkartekoek kanporaketa bideratuta utzi dute Errenterian jokatutako joanekoan, emaitza orokorraz gain aldeko tanto diferentzia nabarmena lortuta. Bueltako partidak ostiral honetan izango dira Frontoi Txikian, 22:00etan hasita.

Joan den larunbatean Errenterian jokatutako partiden ostean, Azpeitiko taldeak aurrea hartu du Herriarteko esku-pilota txapelketako bere lehen kanporaketan.

Kadete mailan, Jon Alberdi eta Mikel Unanue arazorik gabe nagusitu ziren, 22 eta 4. Jubenil mailan, aldiz, errenteriarrek eskuratu zuten puntua. Gorka Iriartek eta Julen Egigurenek lan ona egin arren, 20 eta 22ko emaitzaz galdu zuten. Gogoratu oraindik lehen urteko kadeteak direla eta aurkari zaharragoei egin beharko dietela aurre txapelketa guztian. Amaitzeko, seniorretan, Markel Etxaniz eta Daniel Murgiondo erraztasunez gailendu ziren, 22 eta 2ko emaitza lortuz.

Beraz, Azpeitiak kanporaketa bideratuta utzi zuen joaneko partidan. Izan ere, 2 eta 1 aurreratzeaz gain, aldeko tanto diferentzia nabarmena lortu zuen. Bueltako partidak ostiral honetan izango dira Frontoi Txikian, 22:00etan hasita. Badirudi partida bat irabazita nahikoa izango duela Azpeitiko ordezkaritzak kanporaketa gainditzeko.

Hurrengo aurkariari dagokionez, Beasain eta Donostiaren arteko kanporaketatik aurrrera egiten duena izango luke aurkari Azpeitiak. Lehia horretan beasaindarrek eman dute lehen kolpea, 2 eta 1 aurreratuta.

Aurrera begira jarri aurretik Azpeitiak Errenteriarren aurkako kanporaketa pasatu behar du, eta horretarako ostiralean pilotazale guztien babesa eskatu nahi du Ilunpe elkarteak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide