Herriartekoa

Erabiltzailearen aurpegia Haritz Saez 2015ko mai. 28a, 12:15

Azpeitia herri handia izaki, kirol ezberdin asko egiteko aukera zabala izateaz gain, bakarka zein taldeka, kirol talde ugari daude Euskal Herrian barrena aritzen direnak. Talde batzuk, gainera, Euskal Herritik kanpo ere dohainak erakusteko trebezia badute, ez nola nahikoa, gainera. Talde horien izenak ez ditut aipatuko, bakarren bat ez ahaztearren, bederen. Baina bai azpimarratu, ohikoena kirol taldearen izenean parte hartzea dela.

Baina bada kirol eta jokamolde bat herriaren izenean parte hartzen dena eta soilik herrian erroldatutako pertsonek parte hartu ahal dutena. Gipuzkoan soilik gertatzen da fenomeno hori. Izan ere, Euskal Herriko beste herrialdeetan herrikoa izan beharrik ez dago, herriaren izenean parte hartzeko.

Azpeitiak bi urte daramatza parte hartu gabe. Nahiz eta iraganean, herriaren gaitasunak argi erakutsi zituen. Gipuzkoako txapelduna izan zen 2004, 2008 eta 2010 urteetan. Azken horretan, gainera, Euskal Herriko txapela ekarri zuen. Dagoeneko identifikatuko zenuten, herriarteko eskuzko pilota txapelketaz ari naiz.

Bi urte horietako ausentzia ez da izan lanik egin ez delako. Umeekin zein gazteekin pilota maitatu dezaten eta sustatu dadin egiten den lana azpimarratzekoa baita. Baina, tira.

Aurten, Azpeitia berriro ere frontoian izango da. Jende gazte, langile eta inplikatuak aurretik urte askoan lan egin dutenei erreleboa txukun hartu baitie. Emaitzak emaitza, gure herria ordezkatuta egongo da. Beste 21 herrirekin batera, Gipuzkoako frontoiei bizia emango diegu. Frontoi Txikira gerturatzeko aitzakia bat gehiago dugu. Eta ea zortea eta joku onak ostiral gau polit asko gozarazten dizkigun. Azpeitiak, pilotariek, pilotak eta lanean diharduten horiek merezi dutelako.

Maiatzeko Uztarria aldizkarian argitaratutako artikulua da hau.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide