Txiki Biran ekimena aurten jarri dute martxan Azpeitiko Kultur taldeek, Kultur Mahaiak eta Sanagustin Kulturguneak. Sanagustin kulturgunearen eta Udaleko Gazteria sailaren arteko elkarlanaren fruitu da Txiki Biran egitasmo eraberritua. Lehenengo harria joan den abenduan jarri zuten, I. Metal Topaketen baitan. Izan ere, Metal Boskoteak eta Poxpo eta Inaxito pailazoek umeentzako saio didaktikoa eskaini zuten Sanagustin kulturgunean.
Herrian umeentzat egiten ziren ekitaldi gehienak kanpotik ekarritakoak ziren oraintsu arte. Hori aldatzea du xede Txiki Biranek. Kepa Urbieta Sanagustineko dinamizatzailearen arabera, "herriko talde desberdinek badute umeentzako emanaldiak prestatzeko gaitasuna eta badute zer eskainia. Kultur Mahaiaren helburuetako bat da transmisioa lantzea, eta transmisioari laguntzeko zer hoberik herriko taldeek umeentzat zerbait prestatzea baino".