Gure Esku Dagoren Erabakiak ehuntzen ekimenaren barruan ekainaren 21ean Donostiako Anoeta estadioan egingo den Gipuzkoako ekitaldian danborra joz parte hartzeko deia egin zuten joan den astean erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikaren Azpeitiko kideek.
Deialdi hartan, ekitaldian parte hartzeko prest zeuden herriko danbor-joleek ekainaren 4an, osteguna, entsegua izango zutela aurreratu zuten. Orain, ordea, entsegu hori aurreratu eta egun bat lehenago egingo dutela jakinarazi dute. Horrela, ekainaren 21ean Anoetan danborra jotzera animatzen diren azpeitiarrek asteazkenean, ekainak 3, izango dute entseatzeko hitzordua. Izarraitz pilotalekuan egingo dute, 21:00etan.
Gure Esku Dagoren ekitaldian parte hartu nahi duten danbor-joleek bi modutan eman dezakete izena, entsegu bezpera arte: danborradako norbere taldearen zuzendariarekin harremanetan jarrita edota Azpeitiko Gure Esku Dagok Foru Ibilbideko 7. zenbakian duen lokalera bertaratuta. Astelehenetik ostiralera, 17:30etik 19:30era egoten da zabalik lokala. Zapatuetan ere irekitzen dute, 11:00etatik 13:00etara.