Azkuetik, pozez eta esker onez

Edu Etxarte, Miel Etxaniz, Joxin Aizpuru eta Antonio Altuna (Azkueko langileen izenean) 2015ko eka. 5a, 13:04

Pozik gaude, nola ez, bi urtez geldituta egon den fabrika berriro martxan jarri dugulako. Berriro lana, momentuz 34 langilerentzako, hortik gora laster batean. Berriro sare produktiboan, gure ondoreneko belaunaldientzat ere lana izan dadin, aurrekoek guri ondare modura utzi ziguten bezala.

Pozik gaude, eta poz hori zuekin konpartitzea nahi genuke. Larunbatean, ekainaren 6an, eguerdiko 12:00etatik aurrera, fabrikan bertan. XXI. mendeko Azkue (orain bai, 'k'-rekin) lantegiaren inaugurazioa egin nahi dugu, herritarrekin batera.

Gaur egungo langileak euren familiekin, noizbait Azkueko langile izan direnak familiekin, lagunekin, Azkuerekin noizbait loturaren bat izan dutenak, Azkue lantegia ireki izanagatik poza sentitu duzuen guztiok espero zaituztegu bertan.

Etorri konfiantza osoarekin. Etxean, lagunartean, egongo zarete. Trikiti doinuak Haritz Garmendia eta Asier Ostolaza Montte-rekin, bertsoak Sebastian Lizasorekin, euskal dantzak Zestoako gazteekin, fabrikari bisita... eta otarte goxoa Larrañagako pintxo ugarirekin. Inor ez da gosez aterako hemendik, baina batez ere, gure poza eta esker ona aurkituko dituzue. Geure ahaleginarekin eta askoren laguntzarekin lortu baitugu lortutakoa.

Gure bailaran krisiaren eragina nolakoa izan den denok dakigu, enpresa mitikoen desegartzearekin batera gure herriko bizi ekonomikoa ukituta gelditu zaigu. Gu ez gara aitzindari, (badira S.L. Kooperatibak) apalki proiektu berri bati ekin diogun langile soilak baizik. Esfortzuetan sinisten dugunok, langileen eskubideen aldarria egin nahi dugu larunbatean, kapitalaren mendekotasuna onartzen ez dugunok, gaituzue.

Bidean topatuko ditugu oztopo ugari, ziur. Bidea luzea da, beharbada orain aurkituko ditugu aldapa gogorrenak. Gu berriz prest etengabeko jardunean aurrera egiteko.

Adieraz diezaiegun krisiak gogor jo duen herri honek baduela adorea ere aurrera egiteko, bere esfortzu propioarekin oztopoak gainditzeko.

Zentzu horretan, Azkueko Langileak, TS-ko langile eta eragileak zoriondu nahi ditugu.

Posible delako, zorte on!

Aldez aurretik, ongi etorriak izan eta mila esker zuen berotasunagatik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide