Eliku ISBko neskak infantil mailako Euskadiko txapeldun

Euskadiko txapela jantzita, Espainiako Txapelketa jokatuko dute orain Eliku ISBko neskek.

Xubik zuzentzen dituen neskek ez dute partidarik galdu denboraldi osoan eta Pontevedran (Galizia) jokatuko den Espainiako Txapelketarako txartela eskuratu dute. Partizipazio mailako Sarralle ISBk, berriz, bigarren postua lortu du bere mailan.

Duela hilabete batzuk Iraurgi Saski Baloia klubeko kadete eta junior neskek Euskadiko Txapelketa lortu zutela esan genuen, eta orain infantilen txanda iritsi da. Maila horretan ere gure taldeko neskak izan dira garaile, Eliku Dietetika ISB. Jose Luis Zubizarreta Xubi-k zuzentzen dituen neskek ez dute denboraldi osoan partidarik galdu, ez Gipuzkoako ligan, ez Euskadi mailako fasean ere. Azken fase horretan, gainera, 40 puntu baino gehiagoko aldearekin irabazi dute, bai Gasteizko San Viator taldearen aurka eta bai Bilboko La Salleren aurka ere.

Horrela, Eliku Dietetika ISBk Euskadiko Txapelketa irabazteaz gain Espainiako Txapelketarako txartela eskuratu du. Gure neskek ekainaren 14tik 20ra jokatuko dute lehiaketa Pontevedran (Galizia), eta nafarrak, madrildarrak eta errioxarrak izango dituzte lehen fasean aurkari. Zorte onena opa diegu Iraurgi SB klubetik.

Partizipazio mailan Euskadiko azpitxapeldun

Eliku Dietetika ISBk infantil nesken errendimendu mailan lortu du Euskadiko Txapelketa, baina partizipazio mailan ere jokatu du ISBko beste talde batek eta horrek ere emaitza bikainak lortu ditu. Jesusek zuzendutako taldeak, Sarralle ISBk, ezin izan du txapela eskuratu baina bigarren postu garrantzitsua lortu du. Euskadiko Eskola Jokoetako finalean Iraurgiko taldeak 51 eta 44 galdu zuen Gasteizko Araski taldearekin, eta 56 eta 33 irabazi zion Tabirakori. Hauek ere denboraldi biribila egin dute aurten eta klubetik zorionik beroenak eman nahi dizkiegu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide