Eztarriko korapiloa askatuz

Luis Azkue Gabilondo (Azkue SL-ren ohorezko lehendakaria) 2015ko eka. 10a, 12:10

Iragan larunbatean hitzik gabe geratu nintzen. Ez nuen espero Azkueko lagunek egin zidaten oparia. Makil zoragarri bat  eta pergaminoan bildutako mezu hunkigarria izan ziren sinboloa. Niretzat eta aurrera jarraitzen duen Azkue enpresarentzat egun handia izan ekainaren 6koa.  

Hitzak ahora etorri bazitzaizkidan, beste hau esango nuen ordea. ESKERRIK ASKO, beste ezer baino lehen. Eskerrik asko Azkueko lagunei, eskerrik asko Sebastian Lizasori, eskainitako bertsoengatik.

Eta esker onarekin batera, beste hau ere esan nahi izan nuen. Alegia, proiektu hau arrakastatsua izaten ari dela berau zuzentzen ari diren pertsona eta arduradunengatik. Hori esan dezaket ni neu barne ez izan arren, oso gertutik ezagutzen dudalako. Bestalde, lider horiek proiektua bideratzeko jartzen ari diren determinazioak eta sinesmenak ez dauka parekorik.

Hortik aurrera, gestio zuzenarekin batera, lider horiek gai izan dira zuzendaritzarako proiektua daukaten profesionalak eta enpresariak ekartzeko. Inbertsioa ere ekarri dute inkorporazio berri horiek, baina gehiago proiektua dirua baino.

Zerk erakarri ditu hona kanpoko profesionalok? Hiru osagaik, nire ustez. Azkue eta Nueva Línea marken balioa hor dago, ukaezina da. Baina horrekin batera dator garrantzi handikoa den know how, egiten jakitea, ezagutza. Alegia, enpresako langileen egiten jakitea, kalitaterako kultura. Eta hirugarrenik, funtsezkoa dena, barne harreman sozialen giroa.

Balio horien gainean ari da eraikitzen, nire ustez, Azkue berria. Eredugarria benetan.

Eredu hori apaltasunez zabaltzen joatea, konpartituz jardutea, dagokie oraingo arduradunei. Jasotako esperientziatik abiatuta, eredua sozializatu, beste enpresa batzuei lagundu, estutasunean aurkitzen direnak animatu eta bidea hartzerako aholku onez bultzatu.

Hauek geratu zitzaizkidan eztarrian korapilatuta larunbateko ekitaldian. Orain askatu ditut.

Bejondaizuela. Bejondaigula.

Mila esker guztiagatik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide