Iraurgi SBko jokalariak hainbat selekziotan

Xabier Oroz, Aitor Astigarraga, Ander Merketegi eta Eneritz Larrañaga Euskadiko eta Espainiako selekzioetan dabiltza egunotan.

Iraurgi Saski Baloia klubean berri onak jasotzen jarraitzen dugu egunero. Oraingoan, gure klubeko hainbat jokalarik deialdia jaso dute Euskadiko eta Espainiako selekzioekin jokatzeko. Ondorioz, hainbat selekziotan izango ditugu ordezkariak denboraldi amaiera honetan.

Klubeko emakume arloak denboraldi historikoa egin du aurtengoan, eta horren arrazoietako bat Eneritz Larrañaga Aranur ISBko jokalaria da. Eneritzek izugarrizko eboluzioa eman du aurtengo denboraldian eta giltzarria izan da bai juniorretako taldean, bai Zurt Taberna ISB seniorren taldean ere. Hori dela eta, azpeitiarra, nahiz eta lehen urteko juniorra den oraindik, nesken Euskadiko Selekzio Absolutuan hartu dute. Bertan kontzentratuta emango ditu hainbat egun Eneritzek eta gaur, ostirala, (19:00etan, Gasteizen) Venezuelaren aurka jokatuko du lagun arteko partida. Bihar ere partida izango du selekzioak (Tolosan, 18:00etan), baina ISBko jokalariak ezingo du jokatu, beste arrazoi batzuengatik. Deialdi honekin, Eneritz Larrañagak merezitako saria jasoko du denboraldian zehar egindako lanagatik.

Mutiletan, berriz, luzeagoa da zerrenda. Alde batetik, Xabier Oroz Espainiako U19 aurre-selekzioarekin arituko da. Aurtengoan Munduko Txapelketa tokatzen zaio adin horri eta azkoitiarrak borroka egin beharko du 12 jokalariko azken zerrendan tokia izateko. Orozek oso denboraldi ona egin du Sammic ISBrekin Zilarrezko Adecco mailan, eta horrez gain ACB mailan debutatu du GBCrekin. Beraz, gogor borroka egin beharko du datorren asteburuan Logroñon jokatuko duen lagunarteko txapelketan, Australiako eta Kroaziako selekzioen aurka. Aurrera jarraituz gero, Getxon izango du hurrengo txapelketa Argentinaren, Dominikar Errepublikaren eta Euskadiren aurka.   

Bestetik, Aitor Astigarrak eta Ander Merketegik 20 urtez azpiko Euskadiko selekzioarekin jokatuko dute. Iurgi Caminosek eta Eneko Landak zuzentzen duten taldeak Getxoko txapelketa jokatuko du ekainaren 20an eta 21ean. Horrez gain, larunbatean Tolosan jokatuko du EBA mailako Takeren aurka eta asteazkenean Azpeitian, Disdira Bitxitegia ISBren aurka. Gure bi mutilek ere merezitako saria jaso dute, Glual ISBrekin denboraldi bikaina jokatu ostean.

Klubak zorionak eman nahi dizkie jokalari guztiei eta zorte onena opa diegu esperientzia eder horretan.

Egurre!!!!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide