Zer diote Susperregiz bere senide eta lagunek?

Uztarria.eus 2015ko eka. 12a, 18:20

Kepa Susperregiren senide eta lagunekin ere hitz egin du Uztarriak, erreportajea osatzeko. Inazio Odria Txermena sakristauarekin, Olatz Etxaniz lehengusuarekin, Manuel Altuna Kanpaxa lagunarekin eta Aitor Arruti futbitoko taldekide ohiarekin hitz egin du hain zuzen Uztarriak.

Inazio Odria 'Txermena' (sakristaua): "Oso sinestuna naiz, elizkoia. Monagiloa izan nintzen, eta elizak Barrenetxen duen lokalera igandero joaten nintzen meza ematen laguntzera. Han ezagutu nituen Kepa eta Patxi, Azpeitira bizitzera etorri zirenean. Geroztik, Kepa eta biok elkarrekin gabiltza, eliza kontuan. Gizon ona eta zintzoa da, asko balio du. Areriorik ez du. Tarteka elkarrekin afaltzen dugu eta beldurtzeko jatuna da. Hori bai, ura besterik ez du edaten. Errenteriakoa da izatez, baina Athleticzale amorratua. Alferrik da. Ni, berriz, Realzalea. Lagun Onak taldea ere asko jarraitzen du. Oso ondo konpontzen gara".

 

 

 

 

 

Olatz Etxaniz (Keparen lehengusua): "Urrestillako Makibar Azpi baserria zen gure elkargunea, Keparen eta gure amaren jaiotetxea. Hartu-eman handiko familia izan gara eta asko elkartzen ginen: festetan, udako oporretan... Apaiztu zenean baserrian ospatu genuen. Lehengusuetan zaharrena, xuxen-xuxena izan da beti. Ospakizunetan gu oso parrandazaleak eta zoroak gara, baina Kepa beti bere lekuan egongo da, zintzo. Kepak ezkondu ninduen, bi semeak bataiatu eta komunioa eman ere bai. Gure aitaren eta bere amaren hileta-elizkizuna eman ere bai. Etxekoa da guretzat Kepa".

 

 

 

 

 

Manuel Altuna 'Kanpaxa' (Keparen laguna): "Parrokian meza laguntzen eta bulegoan agiriak zuzentzen aritzen nintzen eta han ezagutu ginen. Hitz txarrik ez dut Keparentzat. Parrokia mailan eta lagunartean gizon ona da. Bi-hiru bikote eta Kepa igandero elkartzen gara Gure Ametsa soziedadean afaltzeko. Jatun ona da, dezenteko apetitua du. Tarteka, bera ere aritzen da sukaldean. Alkoholik ez du edaten; postrean, akaso, pittin bat. Osaba berekin bizi du, eta haren ardura Kepak du. Eta ordu pare bat gustura pasatzen ditu gurekin soziedadean. Athleticzalea da bera; ni Realzalea, baina ondo moldatzen gara elkarrekin".

 

 

 

 

Aitor Arruti (Futbitoko taldekidea): "Sendotzarako prestaketetan ezagutu nituen Kepa eta Patxi. Gazteak ziren eta jarrera irekia zuten ikuspegi askotan: elizan, kristau izatean, bizitzaren aurrean, harremanetan... Haize berri bat ekarri zuten. Pertsona egokiak dira biak. Sendotzarako taldean sortu zen futbito txapelketan parte hartzeko ideia. Kepa oso futbolzalea zen, ikaragarri gozatzen zuen. Erdian eta atzean ondo moldatzen zen, gogoa jartzen zuen. Jende asko harritzen zen apaizak futbolean ikusita. Oso ezagunak egin ziren gazteen artean. Ez zuen biraorik botatzen; 'la virgen del Pompillo!', esaten zuen".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide