Dirua uztera zatozen pertsona desiratu izatetik, neurri batean, mespretxuz beteriko begiradak jasotzera pasatu zintezke. Herrialde bakoitzaren ezaugarriak kontuan izan behar dira, eta nola ez, gizabanako bakoitza ezberdina dela; orokortzea beti da gaitz larria. Baina badira, akaso, antzekotasunak izan ditzaketen gertakari batzuk. Hala nola, herrialde garaturen bateko metroren batean edo trenen batean, hainbat paper eskatu ostean jasotako isunak. Hasteko, nortasun agiria erakustean tokian tokiko funtzionarioak eginiko irribarre maltzurra. Esaten du ahopeka, ‘Spanish’, eta buruarekin alde batera eta bestera egiten du keinu ezkor batez. Geure abertzaletasunean, saiatzen gara azaltzen, ezetz, euskal herritarrak garela, baina horrek ez du egoera konpontzen, eta inolako fakturarik gabe, 57 euro ordaintzen dituzu, bakearen alde.
Aurreiritzietan eraikiak
Urtea hasi zenetik ez dira hilabete asko igaro, baina, dagoeneko, 2.000 pertsonatik gora ito dira Mediterraneoko uretan. Badiru agintariak hasi direla han gertatzen dena kontuan hartzen, bilera bat ere egin dute Luxemburgon. Han itotakoek, bidaia antolatuko zuten, gutako batzuk oporrak pasatzera joatea desio dugun irla horietara. Baina horiek ez datoz oporretara, soilik bizitza dute amets, gerretatik eta gosetik ihes egin nahi dute, besterik gabe. Aldiz, aurten akaso hegazkin konpainiek nozituko dute Alpeetan izandako hegazkin istripua, edo dena delakoa. Hainbat herrialdetan banderak masta erdira, estatu hiletak, aurreneko egunetik informazio gehiegi, herrialde guztietako kazetariak bertatik bertara albistea jasotzen. Konparaketak egitea kasu hauetan, agian, ez da etikoa izango, baina badirudi Afrikatik datozen gorpuek ez dutela arreta bera merezi. Europarena izan zen Afrika hura, erregela batez zatitu zuten, banatu zuten aberastasuna, ezarri zituzten agintariak. Orain, Berlingo harresiaren eraistearen urteurrenak ospatzeko dituztenek, hesiak, hormak, fragatak proposatzen dituzte soluzio gisara.
Horrela, aurreiritzietan eraikiak garela ohartzen jarraitzen dugu. Gogotsu ospatzen ditugu eta geure egiten ditugu, zenbait goi mailako kirolariren emaitzak. Aldiz, herri berdinetik ateratako mutiko arruntari goitik behera begiratzen diogu, handikeriaz, gutxietsiz, nazka aurpegia jarriz, geuri beste zenbait lurraldetan egiten diguten modura.