Hamar abestiz osaturiko diskoak Bitakora du izena. 2014ko uztailean grabatu zuten Zestoako Gaztain estudioetan, Eñaut Gaztainagaren gidaritzapean, eta ekoizpen lanetan ere lagundu die hark.
Entsegu baten ostean, autoan bueltan zirela, bitakoraren kaxari eta koadernoari buruz hitz egiten hasi ziren. Egun haietan, diskoaren izena erabakitzen ari ziren, eta bat-batean denak isildu eta soinu bakarrean "Hi! Bitakora izengoen CDien izena", esan zuten. Hortik dator lehen diskoaren izena.
Izena perfektua da diskoarentzat. Kantuak ez dira kanpotik ikusi eta sentitzen ez diren gauzei buruzkoak, baizik eta zuzenean ukitzen gaituzten momentu eta esperientziak isladatzen dituzten doinu eta letrak dira. Barkuak, bitakora bezala, beraiek ondo gordeta zituzten sentipenak azaleratu nahi izan dituzte lan honetan, eta baita lortu ere.
Bitakoraren doinuak oso Rock & Roll-eroak dira, indarrez beteak. Gitarrek, orokorrean, doinu alaiak lantzen dituzte abestiak dantzagarri bihurtuz. Bestetik, baxuaren lineek abestiei intentsitate handia eskaintzen diete. Xabiren bateriak break askorekin jokatzen du, bat-batean gure atentzioa deituz. Horri denari, Tomasen ahotsa gehituta, abesti paregabeak sortzea lortu dute. Tomasen ahotsak musika mota honentzat ezinbestekoa den zerbait berezia du. Lasaitasuna transmititzen duen ahots goxoa izaten du momentu batzuetan, baina abestiek indarra behar dutenean, ahots urratu gogor bat ateratzeko gai da. Gomendio moduan, diskoko abesti gustokoena utzi dut. Abestirik rockeroena eta indartsuena da, eta Foo Fighters ekar dezake gogora. Mad song (abesti zoroa)tituluak argi uzten duen bezala, gizarte zoro honi buruz mintzatzen da kanta; gauzak era azkar eta kontrolgabe batean egiten ditugu, gerora damu izango garen ala ez pentsatu gabe.
Diskoa entzuteko gogoa piztu badizuet, Azpeitiko Orkatz eta Azkoitiko Latz eta Etxe-Aitz tabernetan eskura ditzakezue.