Taldekide eta abesti berriekin itzuli da Egurra Ta Kitto

Urtebete kontzerturik eskaini gabe egon ondoren, larunbatean Oñatin oholtzaratu zen berriro Egurra Ta Kitto musika-taldea. Abeslari eta baxujoleen aldaketez gain, lau abesti berri ere grabatu dituzte jada. Orhantza Alegria gitarra-joleak eman digu taldearen nondik norakoaren berri.

Urtebeteren ostean, Oñatin jo zenuten kontzertua pasa den larunbatean. Nolakoa izan da oholtzara itzultzea?

Zirraragarria izan zen! Aretoa guztiz betea zegoen, egun guztian zehar giro bikaina egon zen eta gure emanaldia festa handi bat izan zen. Bukaeran gainera Aritz abeslari ohia eta Gari baxujole ohia ere igo ziren abestera, beste hainbat ikusle ere animatu ziren eta oholtza jendez beteta egon zen, denak saltoka. Hala ere, lehen abestiaren bukaeran anplifikagailu bat apurtu zitzaigun, eta ordu laurdeneko etenaldia egin behar izan genuen, beste bat lortu eta prestatu arte.

Taldekide batzuk taldea utzi dute, eta jende berriak hartu du beraien lekukoa. Honek eragina izan al du zuen musika egiteko moduan?

Taldekideak aldatzeak beti du eragina, eta abeslaria aldatzen bada, zer esanik ez. Baina esan genezake taldearen oinarriak berdinean jarratzten duela, ska-punk-rock doinuak lantzen ditugu, skaren alaitasuna eta punk-rockaren indarraren arteko orekan. Abestiak egiteko orduan ere zertxobait aldatu da lan egiteko modua, baxujole berriak ordenagailu bidez etxean lanak aurreratuta ekarri dizkigulako batzuetan, baina orokorrean antzekoa da sistema. Lehen eta orain, abesti bakoitza modu desberdinean egiten jarraitzen dugu. Ez dugu lidergo definiturik eta honek denon aportazioarekin abestiak egitera eramaten gaitu, aniztasun handiagoa lortuz.

Noiz hasi zineten abesti berrien prestaketa lanekin?

Udatik bueltan hainbat musikarirekin aprobak egin genituen, eta azkenean Tolosako Julen Arrieta baxujolea eta Debako Iker Vela abeslaria aukeratu genituen. Udazkenean hasi ginen biltzen, taldekide berriak ezagutu eta taldeari eskaini ziezaioketena ikusten, eta pixkanaka abesti berriei forma ematen joan ginen.

Nola joan dira grabaketa lanak?

Zestoako Gaztain Estudioan grabatu ditugu abestiak, Eñaut Gaztainaga teknikariarekin. Maiatzaren amaieran grabatu ditugu, 10 egunetan zehar. Eta emaitzarekin oso gustura gelditu gara, soinu indartsua lortu du Eñautek.

Zer dute berria azken lan hauek?

Esan beharra dago momentuz ez dugula CDrik aterako, 4 abesti bakarrik ditugu eta internet bidez entzuteko eta deskargatzeko jarri ditugu. Aurrerago, abesti gehiago grabatzen baditugu, baliteke abesti berriekin batera 4 abesti hauek ere CD batean argitaratzea. Abesti berriek melodia itsaskorrak dituzte, ahots 'rasgatuagoa' eta egitura eta konposizio aldetik abesti garatuagoak dira. Hitzei dagokionez berriz, 4 abesti hauek agian ez dira hain zuzenak eta zorrotzak, baina hau ez da izan horrela erabaki dugulako eta aurrerantzean ere egongo dira horrelakoak.

Taldekoa ez den jendeak ere kolaboratu du azken lanean, ezta?

Bai, Itxaropen bideak abestiaren sarreran Felipe Murillok teklatua sartu du, eta Ikasi dugu abestiaren hitzak aldiz Jose Luis Otamendik idatzi ditu. Biei eskerrak eman nahi dizkiegu, afari baten zorretan gaude! 

Non ikusi ahal izango dugu Egurra Ta Kitto udara honetan?

Ba hurrengo kontzertua ekainaren 27an Orkatzen 22. urtemugan izango da. Badirudi sententzia egun gutxi barru aterako dela, Orkatz itxi egin dezaketela, eta guretzat berezia izango da kontzertu hau. Orkatzek kultur eskaintza ematen jarraitu beharra du, horretarako eskubidea duelako, eta ezin da onartu Audientzia Nazionalak Orkatz eta beste 100 herriko tabernatik gora horrela lapurtzea. Udarari dagokionez, garai baten baino kontzertu gutxiago joko ditugu eta momentuz Orozkoko jaietan izango gara, beste hainbat data guztiz konfirmatutakoan kaleratuko ditugu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide