Joan den asteburuan, geldirik, behintzat, ez dira egon Lagun Onak Txirrindulari Elkarteko kirolariak, eta emaitza onekin itzuli ziren, gainera. Unai Orbea azpeitiarrak irabazi zuen igandean, ekainak 14, jokatu zen Eibarko Juan Deunaren LXXX. edizioa. Gainera, Oier Ibargurenen seigarren postuari eta Aitzol Odriozolaren 17. postuari esker, taldeko sailkapenean ere azpeitirrak nagusitu ziren.
Igande goizean eman zioten irteera Eibarko Juan Deunaren LXXX. lasterketari. 65 txirrindulari aritu ziren lehian eta Eibartik Arrasatera joan, Debara jaitsi, Kalbarioa igo eta Elgoibartik Azkarate igo behar izan zuten berriro, Eibarrera iritsi bitartean. Lasterketa ez zen Lagun Onakeko txirrindulariek nahi bezala irten, ihesaldi arriskutsu batek pentsatuta zuten estrategia bertan behera utzi baitzien. Hala ere, erreakzionatzeko gaitasuna erakutsi eta Kalbariotik aurrera azpeitiarrak nagusitu ziren.
Deba inguruan, Ibarguren ihesaldira sartu zen kontraeraso bati esker eta atzetik Orbeak Kalbarioan aurrera egin zuen aurrekoekin bat egitera helduz. Hortik aurrera, Orbeak bere nagusitasuna erakutsi zuen, bi txirrindularirekin batera aurrera jarraituz Mendaron. Azkarate azpira heltzerako beste biak lehertuta utzi zituen azpeitiarrak eta maldan gora hastean atzetik zuen bikoteari eta gertu zuen pelotoitxoari geroz eta distantzia handiagoa ateratzen hasi zen. Hamar segundu inguruko aldea izan bazuen ere, Azkarate gainean minutu inguruko errenta zeraman Lagun Onakeko txirrindulariak. Hortik helmugara bitartean, bakarkako lanean aritu zen, minutu eta hamazortzi segunduko errentarekin helmugaratu zen arte. Zerbait atzerago sartu ziren helmugara Ibarguren (6. postua) eta Odriozola (17. postua).
Mantagorri sariaren lehen edizioa
Larunbatean, aldiz, alebin eta infantilen I. Mantangorri saria jokatu zen Sanjuandegin, Lagun Onak Txirrindulari Elkarteak antolatuta. Eguraldi makurra izan zuten txirrindulariek probak iraun bitartean, baina gerturatu zen jendearen berotasunak erraztu egin zuen txirrindularien lana.
Infantil mailan denboraldian zehar askotan gailendu den Mikel Berasategi -Gipuzkoako Txapelduna eta Euskadiko Azpitxapelduna- eta Mikel Orbea -Unai Orbearen anaia gaztea- azpeitiarrek hasieratik etxean nagusitzeko nahia erakutsi zuten. Azken itzulian aurkariak atzera utzi eta helmugara biak ia eskutik helduta iristea lortu zuten. Mikel Orbeak lortu zuen aurrena helmugaratzea eta Berasategi izan zen bigarrena. Alebinei dagokionez, Aimar Erostarbe izan zen garailea.
Kadeteak Bergaran eta Oñatin
Kadeteek ere izan dituzte probak asteburuan. Larunbatean, ekainak 13, bost kilometro inguruko erlojuaren aurkako proba izan zuten Bergaran eta igandean, berriz, iraupeneko proba izan zen Oñatin. Arrasatera joan-etorria egin ondoren Udana igo behar izan zuten txirrindulariek. Azkenaldian geldiezinik dabilen Unai Iribar izan zen bi probetako garailea eta ondorioz Gipuzkoako Txapeldun berria bi modalitateetan. Bi kasuetan Benigno Leon izan zen lehen azpeitiarra, lehendabizikoan 13. postua eta bigarrenean 16.a lortuta.