Eliku Dietetika ISB hurrengo fasera, partida guztiak irabazita

Iraurgi Saski Baloiako infantil neskek 20 puntutik gorako tartearekin irabazi dituzte orain arteko hiru partidak Pontevedran (Galizia). Bihar, asteazkena, final zortzirenak jokatuko dituzte, 12:30ean.

Iraurgi Saski Baloia klubeko infantil neskak, Eliku Dietetika ISBkoak, Espainiako Txapelketako bigarren fasera pasatu dira, orain arteko partida guztiak irabazita. Jose Luis Zubizarreta Xubi-k zuzentzen dituen neskak joan den igandetik Pontevedran (Galizia) ari dira lehiatzen eta hiru partidatatik hirurak irabazi dituzte orain arte. Horrela, sailkapen fasea taldeko lehen bezala pasatu dute eta bihar, asteazkena, 12:30ean final zortzirenak jokatuko dituzte Palmako La Salleren edo Valentziako taldearen aurka.

Gure neskek partida guztiak 20 puntutik gorako tartearekin irabazi dituzte eta ezustekoa ematen ari dira Galizian. Lehenengoa 78 eta 42 irabazi zuten Errioxako lehen sailkatuaren aurka. Atzo, berriz, taldeko faboritoak, madrildarrak, izan zituzten aurkari eta 60 eta 40 garaitu zituzten. Gaur, pastelari ginda jartzeko, 76 eta 41 hartu dute mendean Nafarroako Burlada taldea.

Hemendik aurrera Iraurgiko neskek partida guztiak irabazi beharko dituzte finalera heltzeko. Egiten dutena eginda ere, izugarrizko lan ona egiten ari dira Eliku Dietetika ISBko neskak eta beste behin ISB klubaren izena oso altu lagatzen ari dira.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide