Karmelo Etxegaraikoak Gipuzkoako txapeldun

Eskolarteko Txapelketaren finaletan erraztasunez gailendu ziren azpeitiarrak, nesketan zein mutiletan.

Joan den asteburuan, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko neskak eta mutilak Gipuzkoako txapeldun bilakatu ziren. Biek ala biek Azpeitiko eskolarteko txapelketa irabazi ondoren ekin zioten bigarren faseari eta partidarik galdu gabe txapela irabazten amaitu zuten Gipuzkoako Eskolartekoan. Neskek Mary Ward taldearen aurka jokatu zuten eta apurka-apurka joan ziren tartea zabaltzen, 49 eta 26 amaitu arte. Mutilek, aldiz, lehen laurden bikaina egin zuten Axular Lizeokoen aurrean eta partida erabakita utzi zuten atsedenaldirako. Amaieran, 71 eta 46koa izan zen emaitza.

Karmelo Etxegarai  A 49 – 26 Mary Ward

Partzialak: 13-8 / 10-6 (23-14) / 10-8 / 16-4

Asierrek eta Maierrek zuzentzen dituzten neskek gogotik lan egin behar izan zuten Mary Wardi irabazteko. Lehen bi laurdenak oso berdinduak izan ziren, eta defentsako lan ona egin behar izan zuten azpeitiarrek. Erasoan, berriz, falta ugari atera zituzten Karmelo Etxegaraiko neskek, baina jaurtiketa libreetan ez zuten gehiegi asmatu eta ez ziren gai izan tartea zabaltzeko. Horrela, atsedenaldira 9 puntuz irabazten iritsi ziren.

Atsedenaldi ondoren berdintasunak jarraitu zuen. Donostiarrek, gainera, maila igo zuten eta gerturatu egin ziren. Baina, azken laurdenean azpeitiarrek beraien kasta erakutsi zuten eta partidaren kontrola eskuratu zuen. Mary Wardekoek ez zuten jakin horri eusten eta besoak jaitsi zituzten.

Karmelo Etxegarai B 71 – 46 Axular Lizeoa B

Partzialak: 23-4 / 14-10 (37-14) / 17-7 / 17-25

Jon Olaizolaren mutilek guztiz motibatuta hasi zuten partida. Horri esker izugarrizko intentsitatea jarri zuten defentsan eta erasoan erraz saskiratu zuten. Donostiarrek ez zuten espero horrelako hasiera ona eta erreakzionatu zutenerako beranduegi izan zen.

Atsedenaldi ondoren ildo beretik joan zen partida. Karmelo Etxegaraikoak jokoko arlo guztietan nagusitu ziren hirugarren laurdenean ere. Hala ere, azken laurdenean donostiarrek erreakzionatu egin zuten eta guztiz entxufatu ziren. Horrela, saskiratze trukean aritu ziren bi taldeak, baina tartea handia zenez azpeitiarrek ez zuten sufritu.

Ondorioz, bi taldeek amaiera bikaina eman ziotn denboraldiari garaipen horiekin.

Zorionak!!!!!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide