Ehunka lagun elkartu dira plazan gaur, osteguna, Espainiako Auzitegi Gorenak 35/02 sumarioaren edo Herriko tabernen auzia bezala ezagutzen denaren aurkako epaia berretsi ostean. 19:30ak pasatxoan batzar informatiboa egin dute plazan, eta ondoren manifestazioa, Orkatz ez itxi! lelopean.
Batzarrean azaldu dutenez, hainbat egitasmo egingo dute datozen egunetan. Hala nola, zapaturako manifestazioa deitu dute, 19:00etarako. Orkatz Kultur Elkartearen aurretik abiatuko da eta herritarrei datozen egunetarako deituko dituzten mobilizazioetan parte hartzeko eta horiek antolatzen laguntzeko deia egin diete.
Azpeitiko Tabernarien Elkarteko (AZTE) tabernak itxita egon dira Espainiako Auzitegi Gorenak Herriko tabernen kontrako epaia berretsi eta Orkatz konfiskatzeko agindu izana salatzeko. Orkatzi "babesa eta elkartasuna adierazteko" hartu du erabakia AZTEk.