Azpeitiko Ilunpe pilota elkarteko pilotariek Gipuzkoako Eskuko Herriarteko Pilota Txapelketako finalerdiaren joanekoa jokatuko dute gaur, ostirala, Astigarragaren kontra, 22:00etan, Azpeitiko Frontoi Txikian.
Azpeitiak final zortzirenetan hasi zuen Herriarteko txapelketa. Orain arteko bidean, Errenteriaren eta Beasainen kontra irabazi egin du. Orain, Astigarraga du finalera pasatu ahal izateko gainditu beharreko pilota taldea.
Ilunpe pilota elkartekoek adierazi dutenez Astigarraga aurkari gogorra izango dute: "Hasieran hautagai nagusitzat jotzen zen Oiartzungo taldea kanporatu du final laurdenetan, eta oso talde indartsua dutela erakutsi du. Azpeitiarrok gure onena eman beharko dugu final handirako pausoa eman nahi badugu".
Hori hala izateko, Azpeitiko pilotazaleen babesa behar dutela esan dute Azpeitiko pilotariek, horregatik gaur Frontoi Txikin jokatuko diren partidetara deitu dituzte, "hitzordu garrantzitsua da eta pilotazale denen babesa eskatu nahi dugu". Frontoi Txikin giro bikaina izaten da, eta Ilunpekoek otarra bat ere zozkatuko dute han, Kontxi arraindegia, Kutxillos Anaiak eta Odriozola harategiaren laguntzari esker.