22. urteurrena ospatuko du Orkatz Kultur Elkarteak aste honetan

22 urte bete ditu gaur, asteartea, Orkatz Kultur Elkarteak. Urteurrena ospatzeko lau eguneko egitaraua antolatu dute aste honetarako. Ostegunean ekingo diote festari, eta igandera arte luzatuko da. Ekitaldi ugari antolatu dituzte: poesia emanaldia, bertso saioa, bazkaria, kontzertuak...

Joan den astean Espainiako Auzitegi Gorenak herriko tabernen auziko sententzia berretsi ostean, Orkatz Kultur Elkartearen lokala den Orkatz taberna ixteko arriskuan da, baina ekainaren 20an Konpromisoari erasorik ez. Aski da! Orkatz libre! lelopean egin zen manifestazioaren amaieran bertako kideek azaldu zutenez, egitarauarekin aurrera jarraituko dute. 

Larunbata izango da 22. urteurren ospakizuneko egun garrantzitsuena, goizetik gauera arte luzatuko baita egitaraua: 10:00etan, azken bi hilabeteetan jokatzen ari den Pala Txapelketako finala jokatuko da. 11:30etan Baigeran egingo den batzarrak hartuko dio lekukoa honi. Herriko tabernen auziko sententziaren berrespena kontuan izanik, Orkatz Kultur Elkartearen etorkizuna izango da batzarreko gai nagusia. Sanagustinen egingo den bazkariarekin jarraituko du jai-giroak, eta 22:00etan hasiko diren Egurra Ta Kitto eta Oliba Gorriak musika-taldeen kontzertuekin goizaldera arte luzatuko da. Igandean amaituko dira Orkatz Kultur Elkartearen 22. urteurren ospakizunak, Elizagoien ahizpen erromeriarekin.

Egitaraua

Bihar, ekainak 25.

22:00. Poesia musikatua: Burdin-hariak eta plastikozko goilarak. Oier Gonzalez eta Markel Ormazabal.

Ekainak 26, ostirala.

22:30. Bertso saioa: Andoni Egaña, Jon Maia, Maialen Lujanbio eta Eneritz Artetxe.

Ekainak 27, larunbata.

10:00. Pala txapelketako finala.

11:30. Batzarra, Baigeran.

14:30. Bazkaria.

22:00. Kontzertuak: Egurra ta Kitto eta Oliba Gorriak.

Ekainak 28, igandea.

18:00. Erromeria, Elizagoien ahizpekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide