Oporrak

Erabiltzailearen aurpegia Haritz Saez 2015ko eka. 17a, 12:28

Iritsi da ekaina, ate joka dugu uda, eguraldi ona, egun luzeak eta gau motzak eta, nola ez, umeek eta, batez ere, eskola umeek hain gustuko dituzten oporrak!

Zer ederra den goizean jaiki beharrik ez izatea, liburuak hartu eta ikastolara abiatzeko, goizean goizetik lagunekin elkartzea, mendira txango luzeak egitea, frontoian ordu luzeak ematea, hondartzan bainu bat bestearen atzetik hartzea, futbol partida amaigabeak, pistinako salto eta brinkoak, gauetan kalean lagunekin eguna gustura bukatzea; azken finean, ikasturteak dirauen bitartean egin ezin diren hainbat gauza uda parte honetan egiteko aukera izatea.

Opor horiek badute txanponaren beste aldea, nahiz eta azken urte hauetan ditxosozko krisiak gauzak dezente aldatu dituen.

Gurasook, urtean zehar egunerokoa antolatzeko malabarismoak egin ostean, gure lanaldia eta umeen eskola jarduna ondo uztartze bidean izaten gara. Urteko aro honetan, baina, buruhaustea ekidin ezina izaten da.

Udalekuak edo ludoteka izaten dira lehen baliabideak, umeentzako alternatiba egokia izan arren, berriro ere urtean zehar dituzten obligazioen pean jartzen ditugu; erlojuaren diziplina berrezartzen diegu.

Aitona-amonak dira beste errekurtsoa; dituenak ondo, ondo edo gazte dituenak hobeto baina ez dituenak edo umeen zaintzaz arduratzeko gai ez direnak ez dute aukerarik. 

Badira beste aukera batzuk ere; bakoitza egokiena topatzen saiatzen gara. Hala ere, egoera hauetan umeen oporrak opor dira edo opor hitzaren esanahia galtze bidean izan daitezke. Hara hor gurasoentzako beste buruhauste bat!

Ekaineko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzia da hau.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide