Noiz eta nola sortu zen Kasik?
2010ean hasi ginen entseatzen Urrestillako lokaletan Ion Andreu, Alberto Martinez, Ander Mozo, Eneko Manzisidor eta Aritz Guerra. Metal soinuen bila jardun dugu ahots melodikoekin nahastuz. Letrak normalean kritikatzeko erabili ditugu, bai gizartearen funtzionamenduan ados ez gauden puntuak kritikatzeko, baita pertsonen izaerak kritikatzeko ere. Gure helburua beti kontzertuak ematea izan da, esateko duguna jendearengana heltzea eta kontzertuen bidez kanpora irtetzea alegia.
Noiz hasi zineten disko berria sortzeko lanetan?
Entseguak normalean konposatzeko izaten dira. Kontzertua badugu, hori prestatzen ere egoten gara, baina uneoro egoten gara kanta berriak sortzen edo hauei forma ematen. Beraz, esan genezake bigarren diska amaitu orduko hasi ginela hirugarren diskarekin lanean 2013an.
Nola joan dira grabazio lanak?
Geuk grabatu dugu eta horrek lan pixka bat eman digu , baina esperientzia ona izan da. Oihan Lizasok asko lagundu digu grabaketa lanetan eta emaitzarekin gustura gaude. Amaieran larri ibili gara, kontzerturako disko fisikoak edukitzea nahi genuelako, eta horrek ordu batzuk kendu dizkigu. Baina azkenean ostiralean izango ditugu eta sarrerarekin banatuko ahal izango ditugu.
Zer dauka berria azken diska honek?
Hirugarren diskoarekin lanean hasi aurretik erabaki genuen afinazioa aldatzea nahi genuela. Tono grabeago batean afinatzen ditugu orain gitarrak eta horrek iluntasun pixka bat eman dio. Horrez gain, disko naturalagoa izatea ere nahi genuen eta kapa gutxiago erabili ditugu grabatzerako orduan.
Uztailaren 3an, Azpeitiko gaztetxean aurkeztuko duzue azken lana. Zergatik aukeratu duzue oholtza hori?
Aurkezpenak beti etxean egin ditugu, ez herriarengatik, leku hauen izaeragatik baizik. Lehenengo diskaren aurkezpena ere gaztetxean egin genuen, bigarrena Azkoitiko Matadeixen eta azkeneko hau berriro gaztetxean egitea pentsatu genuen. Eroso sentitu izan gara beti. Era berean, leku horiek bultzatzeko egin dezakegun gutxienekoa dela iruditzen zaigu.
Zer ikusi ahal izango du bertara joaten denak?
Uda honetan ez dugu beste kontzerturik emango, eta epe luze batean behintzat azkeneko kontzertua izango da. Zerbait berezia prestatzea nahi izan dugu, sorpresa txiki batzuekin, eta ohikoa baino kontzertu luzeagoa emango dugu. Guretzat kontzertu berezia izango da eta ikusleak ere hori nabaritzea nahidugu.