Egunak espeziala behar zuen mutil koxkor haiei inork telefonoz hots egiteko. Horrela, egun hartan Pakitak ez zuen arrazoi faltarik izan semeei urrutiko deia egiteko: guardia zibila hil zuten herrian, eta tiroak bertatik bertara aditu ez bazituen ere, hilketaren lekuko zuzena izan ez bazen ere, hildakoaren autoa ikusi zuen, ondotik pasatu zen, pasatu behar izan zuen, Zumaitik zetorren trenetik herrian jaitsi zen beste askok bezala. "Guardia zibila hil dute". 1974ko apirilaren 3a zen, eta arratsaldeko seiak aldera hil zuten Gregorio Posadas Zurron. Orduko periodikoek esan zuten Juan XXIII kalean barrena kotxe barruan zihoala akabatu zutela Posadas, ingurua obratan zegoela eta mantso joan beharra zuela. Bi lagun non edo nondik azaldu, parean jarri eta metrailatu egin zutela. Detaile horien jakinaren gainean ezin egon Pakita, eta harridura zeinuarekin edo gabe, "Guardia zibila hil dute" esan zien semeei. Plaiatik zetorrela esan zien, estazioan jaitsi eta guardia zibilen kuartelaren aurretik pasatu eta plazaolara zuzenean joan gabe, Enparan aldera egin zuela etxera, eta han, estratan behera, fortunatu zitzaiola ezikustekoa: autoa bazterrean, eta guardia zibil aztoratuak inguruan bildu zen jendeari: ¡Apártense, apártense! ¡Márchense de aquí! buila eginez, inolako protokolorik bete gabe nahaste-borraste handiagoa eragiten zutela. Pakitak ez zekien, eta ondoko egunetan ere ez zuen detaile askorik jakin, periodikorik leitzeko ohiturarik ere ez zuelako. Periodikoek esan zuten hiltzaileen tiroek bete-betean harrapatu zutela guardia zibila, haren kotxeak kontrola galdu zuela eta paretaren kontra zuela. Donostiako Ospitale militarrera eraman zutela guardia zibil hura, baina bi ordu baino lehen hila zela betiko. Tiroetako batek buruan jo zuen, esan zutenez, eta ez zen izan ezer egiterik. Periodikoek esan zuten hilketan parte hartu zuten bi lagunek Vespa baten gainean ihes egin zutela. Aurretik lapurtua zutela motorra, herrian bertan. Pakitak ez zuen zera besterik jakin: delako Posadas hura kuarteletik miserikordiara alaba jasotzera zihoala hil zutela, eta jendeak esaten zuela Arrutineko etxepeko ate egurrezkoan bala zuloak zeudela oraindik. Bi alabaren aita zela guardia zibila, kastellanoa, Zamorakoa jaiotzez. Pakitak ez zekien Posadas Informazio taldeko burua zela herrian, Logroñora joateko aukera izan zuela, baina bertan geratzea erabaki zuela, nezesidade handirik gabe. Pakitaren seme bigarrena esanera horrekin geratu zen betiko: "Guardia zibila hil dute", harridura zeinuarekin, edo gabe. Eta, urteak joanda ere, etxepe hartara arrimatzen zen, bala zulo haiek ikustera. Ikutzera.
Ekaineko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzia da hau.