Noiz eta nola sortu zen taldea?
2008an Donostian eman genion hasiera Tacumah taldeari. Musika eta kultura jamaikarraren maitale ginen hainbat musikari elkartu eta egitasmo berrian bat eginez abiatu ginen. Nagusiki 70. eta 80. hamarkadetako roots & dub soinu jamaikar klasikoetara hurbiltzen saiatzen gara, baina uharteko beste soinu zaharragoez ere gozatzen dugu, rocksteady-a eta ska bezalako soinuez.
Egun 10 musikarik osatzen dugu taldea, zuzenean nahasketak egiten dizkigun teknikaria barne. Musika-taldeaz gain elkartea ere bagara, Tacumah Reggae Elkartea, jamaikar musikaren eta kulturaren inguruan hainbat ekintza burutu ditugu: Sagar Reggae, Txingoody Paradise #5 Iparraldetik Hegoaldera… Astean behin elkartzen gara guztiok Donostian alokatuta dugun entsegu lokalean.
Pasa den urtean Showcase izeneko diskoa atera genuen sei urteko ibilbidearen ondoren, Truth Town euskal zigiluarekin. A-Lone Ark Muzik Studio-n (Santander) grabatu eta nahasi genuen. Gure lehenengo lan serioa izan zen hori, lehendik ere geuk ekoitzitako maketa batzuk bagenituen arren.
Nondik dator taldearen izena?
Mitologia edo folklore karibear eta afroamerikarretik dator. Tacumah, Anancy-ren semea armiarma da, sarritan gizon bezala agertu eta jokatzen duen armiarma. Anancy-ren ipuinak Ghanako Ashanti tribuarengandik datozela sinesten da.
Larunbateko kontzertua berezia izango dela idatzi duzue zuen Facebookeko orrian. Zergatik?
Berezia, batetik, Azpetian izango delako, eta bertakoa (Edurne) izateak beti mugitzen zaitu. Bestetik, agur-kontzertua izango da gure teknikariarentzat (Gorka), eta horrek emozioa gehituko du, ibilbide luze eta benetan ederra egin baitugu elkarrekin. Era berean, Rise & Peas eta Roots Brothers taldeekin konpartituko dugu jaialdia. Hau guztia gutxi balitz, taldekidea dugun Oiane haurdun dago, eta guztiok gaude bere semetxoa ezagutzeko irrikitan.
Zer asmo dituzue hemendik aurrera?
Aurrera begira, uda honetan bertan lotuta ditugun kontzertuak eman eta reggae musikaz gozatzen jarraitzea da gure asmoa, baita diskarako grabazio berriak egin eta Tacumah Reggae Elkartea-ri jarraipena ematea ere. Eta nola ez, emanaldi ugari eskaintzea zuek gurekin gozatu ahal izateko!
Hemen irakur dezakezue Rice and Peas taldeari buruz Urola Kostako Hitza-k eginiko albistea.