Kaitoren artxibo eta transmisio lana eskertu nahian

Erabiltzailearen aurpegia Zezen Beltz elkartea 2015ko uzt. 13a, 16:30

Azpeitiko Kultur Mahaiak datorren igandean (Sanagustin kulturgunea, 12:30) ohorezko bazkide izendatuko du Nikolas Oteiza Kaito, hainbat urtean Azpeitiaren mesedetan egindako irudi artxibo lana aitortzeko. Han izango gara Zezen Beltz elkarteko kideok ere, ondo merezitako aitortza baita Kaitok jasoko duena. Transmisio lan eskerga egin du.

Azpeitian festak dira herriko ardatz nagusietako bat. Zezen Beltzek ekitaldi gehienak orduan egiten ditu: sokamuturra, entzierro txikia, errekortarien txapelketa eta beste. Kaitok bere kabuz urteetan eta urteetan jaso izan ditu, adibidez, sokamuturreko bideo irudiak, izan karnabalak edo izan sansebastianak, ibilbideko toki denetan, ordu desberdinetan, maiz eguraldiari ere aurre eginez. 2011n Azpeitiko sokamuturra. Soka ez da eten dokumentalaSanagustinen bertanaurkeztu genuenean azpimarratu genuen Kaitok (eta Jose Manuel Asiainek eta Agustin Madrazok) egindako lan hori. Zenbat irudi zahar-eta! Haien ekarpenik gabe nekez osatutako genukeen dokumentala.

Festetako ondare hori modu antolatu batean jasotzeko, gordetzeko eta sailkatzeko ardura hartu beharko luke Azpeitiko herriak. Badakigu Kultur Mahaiak duela urtebete pasa eman ziola proiektu horren berri udalari. Geuk ere aurten aipatu dugu gaia udal hauteskundeen atarian. Izan ere, alde horretatik gaur egun gabeziak dauzka herriak, festetako une batzuk ez direlako jasotzen bideo irudietan. Eta jasotzen den asko, modu sakabanatu batean jasotzen da, norbanakoen eta haien eskuko telefonoen bidez; ez dira geratzen artxibatuta.

Beraz, belaunaldien arteko transmisiorako ere garrantzitsua litzateke festetako irudien artxibo historiko bat osatzea eta garatzen joatea.

Besterik gabe, Zezen Beltzen partetik zorionak Nikolas Oteiza Kaito-ri!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide