Arraroa izango da. Beti kameren atzean egon dena, argazki eta irudietan agertzen ez dena, protagonista izango da. Eta, behingoz, kamerek bere argazkiak hartuko dituzte.
Isilpeko langile handiaren aurrean gaude. Herritarrak gara bere lan guztiaren protagonistak. Gure irudiak jaso ditu etengabe. Ez dago ezer politagorik, Nicolas Oteiza Kaito-k gure oroitzapenak jaso ditu. Gure herriaren oroimena bere kamerek jaso dute. Denon aurpegiak eta irudiak.
Gaur egungo gizartean ez omen da irakurtzen, ikus-entzunezkoen bitartez jasotzen omen dugu informazioa, fikzioa eta errealitatea. Denek diote irudiaren garaiak bizi ditugula, baina hori ez zen hain argia orain dela 30 urte. Orduan irudiek ez zuten orain duten garrantzia; usaimen handia eta meritu ikaragarria du Kaito-ren lanak.
Gure irudiak eta gure oroimena jasotzeko lan egitea bururatu zitzaion, gainera, borondatez eta lan gogorrean. Gure herriak ekitaldi publiko bat ospatzen zuen bakoitzean, han zegoen Kaito; denok disfrutatzen ari ginenean, bera lanean kamerakin. Eta ekitaldiz ekitaldi, argazkiz argazki, bideoz bideo... guztion oroimena osatu du. Kazetaria letra guztiekin izan da Kaito. Azpeitiko kronista. Gure memoria bizia.
Merezimendu osoz jasoko du igande honetan Azpeitiko Kultur Mahaiko ohorezko bazkide izendapena. Mila esker, Kaito!