Testuinguru horretan ikusi behar da Sanagustin Kulturgunearen abiatzea eta sendotzea. Udalaren egiteko nagusia herria zerbitzatzea delakoan gaude. Herri mugimenduak eta herriko eragileek burutzen duten lanari laguntzeko dago Udala batetik, erakunde publikoa den aldetik herritarrentzat onuragarri jotzen dituen ekimenetan saiatu beharra baitauka; eta, bestetik, hutsuneak dauden alorretan gabezia horiek osatzen ahalegintzea dagokio.
Sanagustin Kulturgunea, Azpeitiko Kultur Mahaiak eta Udalak elkarrekin adostuta lortu duten emaitzarik ikusgarriena da. Herriaren eraikin bat zaharberritu zen aurrena, gainbeheran zegoen espazio bat biziberritzen lagundu du, eta kultur eragileen eta Udalaren lankidetzari esker kultur azpiegiturak baliatu eta antolatzeko eredu berri bati bidea egiten ari zaio Azpeitian. Lau urteko epean Euskal Herrian erreferentzia bihurtzen ari da Sanagustin, eta Azpeitiko kultur ereduaren oihartzuna inoiz baino zabalago hedatzen ari da lau haizetara.
Handia da lau urteotan egin dena, herriko kultur eragileek Sanagustinen kudeaketan eman dituzten urratsak ikaragarri garrantzitsuak dira: autogestioaren bidetik, Kultur Mahaiak gaitasun handia erakutsi du Azpeitiko kultur dinamikaren sustatzaile bizkor bihurtzeko, baliabideen erabilera arrazional eta zorrotz batekin. Zorionik zintzoenak eman nahi dizkiogu horrenbestez Kultur Mahairi aurrena, eta Sanagustin Kulturguneari hurrena.
Hala ere, zorionak zorion, aurrera egiteko indarrak biltzeko unea ere badela deritzogu honi. Oparoa izan da lau urteotako bidea, baina badugu zer hobetua esku artean dugun ereduan: azpeitiarrok ez gara sekula konforma errazak izan, eta Kultur Mahaiaren eta Udalaren arteko lankidetzan ere badugu zertan sakondu. Azpeitian jokoan dagoena kultura herritarra ulertzeko eta kudeatzeko era bat da, eta jabetzen gara apustu horren garrantzi estrategikoaz. Inoiz ez bezalako indarrez kultura nahi dugu bihurtu Azpeitiko herriaren marka eta ezaugarri Euskal Herrian. Uste dugu aukera hori gure esku dagoela, eta Kultur Mahaiaren eta Udalaren lankidetzatik etorriko direla bai Sanagustineko proiektuaren egonkortzea, bai eta kultura herritar guztion eguneroko ondare natural bilakatzea.
Gaur zorionik beroenak eman nahi dizkiogu Sanagustin Kulturguneari, eta Udalaren aldetik lankidetzarako borondatea berretsi nahi dugu, Azpeitia anitzago eta kultuago egitea guztion lana delakoan, erakunde publikoak aitzindari garela.