2011ko uztailaren 22an ekin zion Azpeitiko Kultur Mahaiak Sanagustin kulturgunearen kudeaketari. Udalak deitutako lehiaketa publikoa irabazita, zortzi urterako -beste lau urtetan urtez urte luzagarri- hartu zuten kulturgunearen ardura. Herenegun bete zen zortzi urteko epearen lehen erdia eta, "lan erditan", aurreneko lau urteetan egindakoaren balorazioa plazaratu eta aurrera begirako erronka eta proiektuez zertzelada batzuk azaldu nahi izan dituzte Sanagustinen proiektuaren kide direnek.
Horrekin batera, laugarren urteurrena ospatzeko, kulturgunearen gainean prestaturiko erakusketa jarri dute, Uztarriaren eta Alberto Belokiren bidez lortutako argazkiekin. "Sanagustinen esentzia azaltzen duen erakusketa da" atzotik Sanagustinera doazenek ikusi ahal izango dutena. "Eta horrez gain, urte hauetan egon diren hainbat ekitaldi bildu nahi izan ditugu ere egin denari begirada bat botatzeko. Horretarako, urteka jasota, kartel apaingarri batzuk atera ditugu".
Elkarlana ardatz
"Esperientzia zeharo berria zen guretzat eta erronka izugarri handia. Kultur Mahaian enpresa bat sortzerainoko jauzia eman behar izan genuen, krisi garai bete-betean. Proiektuan sinesten genuelako egin genuen aurrera". Horrela gogoratu zituen Xabier Aranbarri Sanagustingo kudeatzaileak kulturgunearen ardura hartzera bitarteko eta hartu berritako oroitzapenak. Denetariko baina bereziki euskal kulturan eta egileetan oinarritutako 600 ekitalditik gora eman dituzte kulturgunean lau urteotan, baina "proiektua ekitaldiak antolatzetik haratago" doala nabarmendu nahi izan dute Sanagustingo arduradunek. "Euskal, euskarazko, kulturaren sustapena eta garapena helburu, urte hauetan zehar 18 proiektu propio, ideia edo egitasmo sortu eta bultzatu dira". Erronka ekonomikoari aurre egiteak ere ez die ahalegin txikia eskatu; urte hauetan "%85-90 arteko autofinantziazioa lortu" dutela nabarmendu dute.
Sanagustinen kudeaketa Euskal Herri mailan eredu bihurtu dela diote eta horri garrantzia berezia ematen diote: "Sanagustingo proiektuaren bidez Azpeitiko Kultur Mahaia eta bere ereduaren hedapena asko zabaldu da euskal kultur panoraman: 80-90 bat udal edo eragileren arreta piztu dugu eta Euskal Herriko administrazio eta eragile nagusienekin harreman iraunkorrak ditugu". Iaztik, gainera, Soreasu antzokiaren kudeaketa ere Sanagustinen esku dago eta 2014an hasitako "kooperatibizazio prozesu garrantzitsu baten amaieran" daude, "proiektua juridikoki, administratiboki eta ekonomikoki asko sendotu delarik".
Orain arte egindakoa laburtu ondoren, guzti horren "ardatz edo oinarria guztion arteko elkarlana" izan dela azpimarratu nahi dute, guztiaren gainetik, Sanagustin kulturgunekoek. "Azpeitiko Udala, kultur eta gizarteko eragile desberdinak... guztion elkarlana. Proiektu honek aurrera egiteko modu bakarra azpeitiarrek horrela nahi izatea zela genion orain dela lau urte, eta horixe gertatu da".
Galdeketa eta azterketa
"Hutsak" egin dituztela ere badakite, ordea, eta horietatik "ikasten saiatu" direla diote, aurrera begira esku artean dituzten proiektu, ekimen eta ideiak garatzerakoan kontuan hartu eta hobetzen jarraitzeko asmoarekin.
Egindakoarekin eta egiteko dagoenarekin lotuta, azterketa baten eta galdeketa baten aurreneko emaitzen berri ere eman nahi izan dute laugarren urteurrenean. Batetik, Kultur Mahaiak eta Sanagustin kooperatibak elkarlanean egin duten Azpeitiko kulturaren argazkia dago. Kulturan zuzenean edo zeharka dabiltzan 51 eragilerekin egon eta 500dik gora inkesta egin dituzte, herritar norbanakoen iritziak jasotzeko. "Bilerak egin ditugu, elkarrizketak, galdetegiak bidali ditugu... eskertzekoa da eragile eta herritarrengandik jasotako erantzuna. Eskertzen diegu azterketa honetan eman diguten laguntza guztia, eta hori behintzat azpimarratu nahi genuke". Iaz hasita eta iazko urtea lagin gisa hartuta egin diote azterketa Azpeitiko kulturari eta, datu batzuk aurreratu badituzte ere, argazki osoa irailerako osatuko dute.
Bestetik, kulturguneak berak eskatuta, kultumetria deitzen dioten azterketa egin du Kultiba enpresak Sanagustinentzat. Kulturak Azpeitian duen eragina neurtu dute Kultibakoek, Azpeitiko Kultur Mahaiak eratutako Sanagustin Kooperatibaren inpaktu kultural, sozial eta ekonomikoa oinarri hartuta. Kultibako Andoni Garaizarrek azaldu zituen emaitza batzuk, Uztarrian datorren astean irakurgai izango direnak.