Proiektu berria hasia da

Bulegoetan lan asko egin ostean Sammic ISBk, mutilen lehen taldeak, baditu jokalari berri batzuk.

2014-2015 denboraldia amaitu zenetik Iraurgi Saski Baloia kluba lanean aritu da Sammic ISB berria osatzeko. Urteroko bi helburuekin ekin zioten lanari Iraurgiko kirol arloko kideek eta lehen taldeko entrenatzaileek: ahalik eta gipuzkoar jokalari gehienak lortzea eta taldearen maila ona bermatzea.

Entrenatzaileei dagokienez, gipuzkoarrak izango dira guztiak, iaz bezala. Entrenatzaile nagusia Iker Bueno izango da beste urte batez. Azpeitiar gazteak hirugarrenez izango du klubeko lehen taldearen gidaritza. Berari laguntzen Xabi Chico izango da bigarren urtez jarraian, eta jokalariak fisikoki prestatzea Xabi Aranbururen lana izango da aurten ere.

Jokalariei dagokienez, etorkizun handiko lau jokalari gipuzkoar berri izango ditu Sammic ISBk:

Gaizka Maiza etorkizun handiko jokalari tolosarra da. Iazko denboraldian Take Tolosan, EBA mailan, izugarrizko joko ona erakutsi zuen eta garbi utzi zuen bide luzea daukala oraindik egiteko. Kantxa gainean duen agintzeko erraztasuna eta azkar jokatzeko duen gaitasuna dira bere bertute nagusiak. Nahiz eta oso gaztea izan, taldeko erreferentzietako bat izango da Maiza. 

Pablo Arenaza donostiarrak, berriz, kalitatea eta saskiratzeko gaitasuna emango dizkio taldeari. Hiruko marratik saskiratzeko duen erraztasuna eta defenditzeko daukan sakrifizioa dira bere ezaugarri onenak. 194 zentimetrotako eskoltak Eason, EBA mailan, jokatu zuen iaz. Oso garrantzitsua izan da bertan jokatu dituen hiru denboraldietan.

Lander Segurolak Santurtziko taldean, EBAn, jokatu ditu azken bi denboraldiak, nahiz eta Eason eman zituen urte asko. 205 zentimetro neurtzen ditu errenteriarrak eta Sammic ISBko pibota izango da datorren denboraldian. 22 urte bakarrik dituen arren, lau urte daramatza EBA mailan, aurreko denboraldi amaieran, lesio baten erruz, hiru hilabete geldirik izan bazen ere. Defentsan lan bikaina egin ohi du gipuzkoarrak eta erasoan, berriz, saskiratze ederrak lortzen ditu saskitik metro batzuetara.

Iñigo Sarasola izango da barruko jokoko beste erreferentzia. 1995. urtean jaiotako gaztea Easotik dator eta 207 zentimetro neurtzen ditu. Bere beso-luzera handia du defentsako arma nagusia eta erasoan oso ondo mugitzen da. Gaitasun handia dauka saskipetik eta urrutitik saskiratzeak lortzeko.

Ibon Guridi azpeitiarrak taldean jarraituko du beste urte batez. Iaz denboraldi erdia kanpoan izan ostean, berriro etxean dago Guridi eta taldeko partaide garrantzitsua izango da aurten.

Xabi Orozek ere taldean jarraituko du aurten. 192 zentimetrotako gaztea ACB mailako GBCn eta Sammic ISBn arituko da, iaz bezala. Aurtengoan, ekipo barruan rol garrantzitsuagoa izango du azkoitiarrak.

ISBk saskiratzeko gaitasuna duen antolatzaile baten bila jarraitzen du. Horrez gain, beste pibot bat eta hegaleko pibota aurkitu nahi ditu, kanpoa zabaldu eta saskira begira jokatzeko gaitasuna izango dutenak. Horrez gain, hiruko jaurtiketetan espezialista den jokalari bat ere izan nahiko luke taldean klubak.

Jokalari horiez guztiez gain, Ander Merketegi eta Aitor Astigarraga gazteak taldearen entrenamenduetako dinamikan sartuko dira, joan den urtean bezala. Hala ere, aurtengoa urte gogorra izango da gazte azpeitiarrentzat, bigarrengo batxilerrean aurkitzen baitira. Bestalde, Lur Goenagari ere planteamendu bera egingo zaio: Disdira Bitxitegia ISBn eta Sammic ISBn ibiltzea.

Amaitzeko, Sammic-ek taldeko babesle nagusi izaten jarraituko du. Izugarrizko berri ona da hori klubarentzat, eta eskerrak eman nahi dizkiegu saskibaloiaren aldeko apustu hau egiteagatik.

Iraurgi SBtik espero dugu proiektu berri honek gure jarraitzaile guztiak asetzea, eta beste urte batez, Zilarrezko Adecco mailako afiziorik onena izatea. Aurtengoan, aldageletan ingelesez baino gehiago hitz egingo da euskaraz. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide