Urteroko elkargune bihurtu den aurtengo Azoka Herritik ere iristear da. Herriko hainbat eragile eta talde, hilabete luzez aritu dira irailaren 18an eta 19an ospatuko den azoka eder hau gogo handiz antolatzen.
Aurreko urteetako ildo berean sakonduz, aurtengo azokak ere bertako produktuen salerosketarako gune izateaz aparte, kultur sorkuntzarako, jakintzaren transmisiorako eta eztabaida nahiz gogoetarako espazioa sortzea izango du helburu.
Azoka Herritikek elkar ezagutzeko bideak zabaldu ditu, eta elkarlanaren bidez ekonomia lokala bultzatzeko eta aldaketak egiteko baliagarria izan da. Emaitza ugari eman ditu eta hori herriko eragileen arteko sinergietan islatu da.
Abiatu besterik egin ez dugun bide hau eraikitzen jarraitzeko, aurtengo azokak betiko muinari eutsiko dion arren, berrikuntza ugari izango ditu. Irailaren 18an, ostiral arratsaldean, hasiko da, Soreasuko elkargunearen irekiera ekitaldiarekin, Azoka Herritik pintxo-potearekin eta Oinatz, Etxe Zuri eta Sanagustin tabernetako kultur ekitaldiekin.
Larunbatean, irailak 19, egun osoan zehar, guneka banaturiko salerosketa puntuak egongo dira Alde Zaharrean (baserritarrak, artisauak, herriko merkatariak, herriko talde eta eragileen postuak...), eta kultur gunea Perez Arregi plazan, hainbat kultur ekitaldi eta tailerrekin.
Aurten, lehenengoz, haur eta gazteek egitarau propioa izango dute azokan: egun osoan zehar tailerrak, eskulanak, kirola, marrazki lehiaketa, jolasak, izozki dastaketa... Egitarau hau, xehetasun guztiekin, herriko ikastetxeetan banatuko dugu ondorengo egunetan.
Gaztetxean, hain arrakastatsua bihurtzen ari den bazkari begetarianoa izango da 14:30ean. Herriko talde eta elkarteak larunbat arratsaldean 16:30etik aurrera plazan egingo den Herrigintza II. dinamikara gonbidatu nahi ditugu. Pasa den urteko emaitzari jarraipena emanez, herriko proiektu ezberdinak ezagutzeko, berauei ekarpenak egiteko, Azoka Herritik egitasmoaz edota elkarlanaz hitz egin eta iritziak partekatzeko aukera egongo da bertan.
Eta aurtengo azoka biribiltzeko, parte hartu dugun guztiok argazki erraldoi bat ateratzea nahi genuke egunaren amaieran. Azoka Herritik-eko filosofiarekin bat egin eta norabide honetan lanean jarraitzeko prest gaudela irudikatzeko. Norabide hau nolakoa irudikatzen dugun islatzeko, Bagatoz letra erraldoiak egongo dira egun osoan zehar arkupetan, bakoitzak nahi duena bertan adieraz dezan.
Gainera, Azokan erosketaren bat egiten duten pertsona guztien artean, Azoka Herritik osatzen duten eragileen produktuekin osaturiko otarra zoragarri bat zozketatuko da! Zozketa honetan parte hartzeko nahikoa izango da salerosketa postuetan izena eta telefonoa ematea.
Amaitzeko, aipatu, irailaren 16an eta 23an, bi hitzaldik borobilduko dutela aurtengo egitaraua. Lehenengoan Eraldia mugimenduaren berri emango digute bertan parte hartu duten gazte batzuk. Bigarrengoan, berriz, Koldo Saratxagak gizarte berri baterako harreman modu berrien inguruan jardungo du. Bi hitzaldiak arratsaldeko 19:00etan izango dira Sanagustin kulturgunean.
Antolaketan parte hartzeko aukera dute oraindik herriko eragile eta norbanako guztiek. Eurekin harremanetan jartzeko azoka.herritik@gmail.com helbidea erabil daiteke.