Lanean eta sentsazio onekin

Sammic ISBko Ibon Guridi, arerioz inguratuta, zapatuko partidan. (ISB)

Sammic ISBk zapatuan jokatu zuen aurredenboraldiko lehen lagunartekoa kiroldegian, Lehen Maila Nazionalean ariko den Atletico San Sebastian-en kontra. Bi taldeen mailen arteko aldea gorabehera, saskibaloiari dagokionez oso momentu onak utzi zituen neurketak. Gaur, asteartea, Altsasun jokatuko dute azpeitiarrek aurredenboraldiko bigarren partida, Urrezko Adecco ligako Planasaren kontra.

Gure Zilarrezko Adecco ligako taldearentzat lehen kontaktua izan zen zapatukoa eta, egia esan, sentsazio oso onak transmititu zituen. Zoritxarrez, taldea osorik ikusteko aukerarik ez zen izan, Oroz eta Cirkovic GBC-kin lanean egon baitira, eta Pablo Arenaza eta Lander Segurola lesionaturik daude. Aurredenboraldian taldearekin lanean aritu den Lur Goenaga izan zen partidarako zortziko zerrenda bete zuena.

Sammic-ek intentsitate handiarekin jokatu zuen lehenengo bi laurdenetan, aktibitate handiarekin erasoan. Azkar jokatzeko erritmo eta nahi handiak erakutsi zituzten Iker Buenoren mutilek. Bigarren zatian taldeak patxadatsuago jokatu zuen erasoan, joko estatikoan asko zentratuz; etxekoen defentsa laneko intentsitatea jaitsi egin zen eta kontzentrazio ezak talde donostiarrari on egin zion erasoan.

Atletico taldea lehenengo zatian nahiko trabaturik hasi zen, diferentzia fisikoak defentsa lana baldintzatuz. Erasoan, gutxi gorabehera dozena bat aldiz jaurtitzera iritsi ziren. Baina atsedenaldiaren ostean Luis Comendadorren mutilek kantxan eroso jokatzea lortu zuten eta, horri esker, daukaten kalitatea frogatu zuten. Zalantzarik gabe, beraien mailan sailkapenaren goiko aldean egongo dira.

Aurredenboraldiko partida tipikoa izan zen, azken finean, non bi taldeek gauza asko hobetu beharra daukatela erakutsi zuten, baina oso aho zapore ona utzi zuten kiroldegian elkartutakoen artean.

Bigarrena, Altsasun

Sammic taldeak Alsasuraino bidaiatuko du gaur, asteartea. 19:30ean hasita, Urrezko Adecco ligako Planasa taldearen aurka jokatuko dute bertan aurredenboraldiko bigarren partida. Lanean jarraitu beharra dago.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide