Udalak gezurtatu egin du Lasaoko istripuaren ikerketa batzordean dagoela

Uztarria.eus 2015ko ira. 10a, 19:18

"Ez da egia Azpeitiko Udalak ikerketa batzordean parte hartzen duenik, Udala ez da informatua izan batzordearen osaketaz, are gutxiago bertan parte hartzeaz", azaldu du, bere webgunean argitaratu duen oharrean.

Joan den igandean Lasaon hiru hildako eragin zituen auto istripuaren ondoren zabaldu den ikerketa batzordearen gaineko informazioa gezurtatu du Azpeitiko Udalak. Bere webgunean argitaratu duen ohar baten bidez, batzorde horren berri "komunikabideengandik" jaso duela eta Udala batzorde horretan ez dagoela argitu nahi izan du.

"Harriduraz jakin berri dugu -dio oharrak- Azpeitiko Udala ikerketa batzorde horretan parte hartzen ari dela eta guztiz gezurtatu nahi dugu, ez da egia Azpeitiko Udalak ikerketa batzordean parte hartzen duenik, Udala ez da informatua izan batzordearen osaketaz, are gutxiago bertan parte hartzeaz".

Ikerketa batzordean ez dagoela argitzearekin bat, Azpeitiko Udalak "istripuaren xehetasun guztiak argitzea" eskatu du oharrean, "eta informeen arabera istripuan zerikusik ez dutela izan ondorioztatzen den kasuan ere, harri horiek leku horretatik kentzeaz gain, gure errepideen segurtasunaren inguruko errebisio sakon bat egitea" ere bai.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide