Sammic ISBk Santurtzi hartuko du etxean zapatuan, Euskal Koparen lehen jardunaldian

Iker Buenoren taldea txapelketaren B multzoan ariko da eta, EBA Ligan ari diren Santurtzikoekin batera, Take Tolosa eta Leihoak Zarautz izango dituzte arerio. Biharkoa da Azpeitian jokatuko duten partida bakarra, 18:30ean hasita.

Gizonen saskibaloiko Euskal Kopa asteburu honetan hasiko da. Lehen jardunaldi horretan, Sammic ISBk Santurtzi taldea hartuko du zapatuan Azpeitiko kiroldegian, 18:30ean. Iker Buenoren taldea txapelketaren B multzoan ariko da eta, EBA Ligan ari diren Santurtzikoekin batera, Take Tolosa eta Leihoak Zarautz izango dituzte arerio. Biharkoa da Azpeitian jokatuko duten partida bakarra: irailaren 19an Zarautzen eta 20an Tolosan jokatuko dituzte multzo barruko beste bi neurketak.

Altsasun lortutako garaipen liluragarriaren ostean, Sammic-eko mutilek ilusio handiz hartuko dute aurredenboraldiko hirugarren partida izango den hori. Egindako lana ederra izaten ari da eta horrek ondorio onak sorrarazten ditu kantxan.

Santurtzi EBA kategorian finkatuta dagoen taldea da. Normala denez, A taldeko sailkapenaren goi aldean ibiliko den taldea izango da. Unai Berezibar eta Xabi Martin (biak Mikeldikoak), Eder Chabarri (Leioa) eta Marti Gamarra (CB Castelldefels) jokalariekin indartu da, sasoi berriari begira. Ez da aurkari erraza izango.

Iraurgiren gizonezkoen proiektua akzioan ikusteko aukera ederra izango da biharkoa. Gonbidatuta zaudete.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide