Oier Ibarguren Atracciones Sanz taldeko txirrindulari azpeitiarrak irabazi du zapatuan Oñatin jokatutako Udazkeneko Kriteriumeko lehen proba. Andoaingo taldeko Koldo Velascorekin batera iritsi zen helmugara, eta sprintea nagusitu zen azpeitiarra. Hiru sektorek osatzen dute kriteriuma: bi lasterketa eta erlojupeko proba. Horiek kontuan hartuta, laugarren izan da Ibarguren sailkapen nagusian.
Asier Etxeberriak (Quesos Albeniz), Xabier Murgiondok (Ulma) eta Koldo Velascok (Andoaingo) osatu dute, hurrenez hurren, podiuma. Larunbat goizean hasi zen kriteriuma, eta atzo, igandea, bukatu zen.
Erlojupeko proban bosgarren postua lortu zuen Ibargurenek, lehenak baino 24 segundo gehiago behar izan baitzituen amaitzeko. Atzoko, igandeko, lasterketan, berriz, seigarren sailkatua izan zen.
Azken urtea du Lagun Onak Txirrindulari Elkarteko ziklistak gazteetan, eta Parking Geltokia talde zarauztarrarekin lehiatuko da datorren denboraldian, 23 urtez azpikoen mailan.