Sammic ISBk garaipenarekin ekin dio Euskal Kopari

Santurtzik estu hartu zuen Iker Buenoren taldea zapatuan kiroldegian jokatutako neurketan, baina etxekoek 64-57 irabazi zuten, azkenean.

Sammic ISB taldeak izugarrizko lana egin behar izan zuen Santurtziren aurka garaipena lortu ahal izateko. Bizkaitarrak oso asmo argiekin iritsi ziren Azpeitira eta, lehen laurdenean etxekoen saskiratzeei eutsi ondoren, berriro partidan sartzea lortu zuten.

Aurredenboraldian lehen aldiz, Ikerren, Cirkovic-en eta Orozren presentziarekin aurre egin zion partidari Sammic-ek; Olander, aldiz, baja izan zen, giharretako arazoak medio. Taldea gogotsu kantxaratu zen: Rubenek hiruko batekin estreinatu zuen markagailua eta 10-1eko partziala lortu zuten 4. minuturako. Lehen laurdena 30-11 bukatu zen eta bizkaitarrak burumakur, ez ziren eroso sentitzen kantxan.

Bigarren laurdenean, aldiz, Santurtziren minutu onenak iritsi ziren. Iraurgikoek partidaren kontrola galdu zuten, defentsan intentsitatea jaitsiz -faltengatik oso kaltetuta- eta erasoan erabaki txarrak hartuz. Bizkaitarrak timing-a menperatzen hasi ziren, 2-9ko partziala lortuz eta itxaropena berreskuratuz. Sammic-en aldaketek ez zioten jokoari freskotasunik ematen eta Santurtzik hazten jarraitzen zuen. Azken hiru minutuetan 3-11ko beste partzial gogor batekin, atsedenaldira desabantaila 9 puntura murriztuta iristea lortu zuten bizkaitarrek. Dudarik gabe, aurredenboraldian orain arteko laurdenik txarrena izan zen Iraurgikoentzat.

Atsedenaldiaren ostean talde bien jokoa oso trinkoa eta sortzeko ahalmen exkaxekoa izan zen. Ikerrenek erritmo erosoa topatu barik jokatzen jarraitzen zuten, erasoan hankasartze askorekin eta bultzadakorik gabe defentsan. Santurtzikoek, berriz, ezin izan zioten bigarren laurdeneko joko bikainari jarraitasunik eman eta, ondorioz, ezin izan zuten emaitza estutzen jarraitu. 10-9ko partzialarekin, Iraurgikoek aldea mantendu zuten.

Azkeneko laurdenean, lan defentsiboa alde batera utzi eta erasora aritu ziren talde biak. Bizkaitarren bi saskiratzek markagailuan hurbiltzeko aukera eman zien laurdenaren erdialdera, baina Lander Segurolaren bi akziorekin eta Ruben Gutierrezen beste batekin, kanpokoen bolada erabat gelditu zuten Sammic-ekoek, emaitza guztiz finkatzearekin batera.

Garaipen berri bat, beraz, Iker Buenoren taldearentzat. Aurrekoekin alderatuz ez hain distiratsua, baina baikortasunez aurrera begiratzen jarraitu ahal izateko balekoa. Jokorik onena erakutsi ez arren, partidu konplexu bat aurrera ateratzea lortu zuten.

Lanean jarraitu beharra dago.

Sammic-en saskiratzaileak: Oroz (4), Gutierrez (5), Segurola (9), Semple (11), Guridi (8), Maiza (5), Sarasola (5), Circovic (5), Skouen (12).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide