Markovic eta Davydova, Azkoitia Azpeitia ISBren azken bi fitxaketak

Mariya Davidova.

Hegaleko pibot serbiarrarekin eta pibot errusiarrarekin osatuta gelditu da Espainiako Emakumeen Ligan lehiatuko den taldea. Lizarraldek zuzendutako taldeak Baque Torneoa irabazi berri du, Durangon.

Marina Markovic hegaleko pibot serbiarrak (24 urte, 185 cm) eta Mariya Davidova pibot errusiarrak (22 urte, 190 cm) Azkoitia Azpeitia ISBn jokatuko dute 2015-2016 denboraldian, taldeak lehen aldiz Espainiako Emakumeen Liga nagusian lehiatzeko erronkari aurre egingo dion sasoian. Bi fitxaketa horiekin osatuta gelditu da Joseba Lizarralderen aginduetara ariko den taldea.

Markovic-entzat bigarrengo esperientzia izango da Euskal Herrian eta Espainiako Emakumeen Ligan, joan den denboraldian Gernikan jokatu baitzuen. Serbiako selekzioko kide, Bosnian, Frantzian eta Argentinan ere jokatutakoa da. Davidova, berriz, AEBetako unibertsitate ligatik dator; Floridako Panteras taldean jokatu du han.

Durangon garaile

Azken bi jokalariak taldera batzeko zain, denboraldi hasiera prestatzen jarraitzen du Azkoitia Azpeitia ISBk.

Joan den asteburuan Durangon aritu dira, baita bertan jokatutako Baque Torneoa irabazi ere. Finalaurrekoan etxeko taldea, Tabirako, gainditu zuten Lizarralderen neskek (40-49), eta finalean Angeluko Cote Basque taldeari 65-55 irabazita eskuratu zuten garaikurra.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide