Verräter, Gaztetxean sortu zen punk doinua

Urola Kostako Hitza 2015ko ira. 17a, 12:19

Unanue, Arrue, Aiertza eta Hidalgo, Verräter taldeko kideak. (Eneritz Albizu Lizaso)

Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako sei gaztek osatzen dute Verräter musika taldea. Urte eta erdi daramate kontzertuak eskaintzen, eta Gatillazoren aurretik joko dute larunbatean, Sanagustin kulturgunean.

Duela urte eta erdi igo ziren oholtzara lehen aldiz Verräter taldeko musikariak, eta ordutik hogei kontzertu inguru eskaini dituzte. Azpeitiko Gaztetxeko bertsio gauean estreinatu ziren: "Lehen aldia hura izan zen, eta gustatu egin zitzaigun esperientzia". Horrela egin zuten jauzi musikaren mundura Ibon Aiertza baxu-jole errezildarrak, Gaizka Arrue eta Iratz Uranga gitarra-jole azpeitiarrek, Manex Odriozola abeslari zestoarrak eta Ibai Unanue laguntzaile azpeitiarrak. Verräter punk-rock musika taldea sortu zuten 15 eta 16 urterekin, eta Orkatzen eman zuten lehen kontzertua. Urte erdi barru batu zitzaien taldera Julen Hidalgo bateria-jole azpeitiarra, eta "indarra" eman zion bandari. "Lehengo bateria joleak bazekien gitarra jotzen ere; beraz, hura gitarrarekin hasi zen, eta Hildalgo bateriarekin". Ordutik bi gitarra-jole dituzte.

Mendekua esan nahi du alemanez verräter hitzak. "Asko kostatu" zitzaien izena aukeratzea, musikarien arabera, eta azkenean film batek inspiratu zituen gazteak.

Bertsioak egiteaz gain, beraien abestiak konposatzen ditu Verräter taldeak, eta buruan dute maketa bat grabatzea ere: "Udaran nahi genuen zerbait grabatu, hor dugu proiektua, eta ea posible den negurako zerbait egitea". Kontzertu ugari eman badituzte ere, Beasaingoa dute gogoan bailarako mutilek: "Giroa, hasieran, ez zen espero genuena bezalakoa izan, baina jendea animatzea lortu genuen, eta esperientzia polita izan zen".

Erreportajea osorik Urola Kostako Hitza-ren webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide