Udaleko Kirol eta Gizarte Zerbitzuetako sailek elkarlanean jarri zuten abian iaz Azpeitibili egitasmoa, "adinduen aktibitate fisikoa eta autonomia zein giza harremanak bultzarazteko helburuarekin". 2014ko martxoan esperientzia pilotu gisa hasi zen ekimenak "emaitza oso onak" izan zituela azaldu dute udal arduradunek. Taldean oinez ibiltzera irteteko aukera ematen die Azpeitibili-k adineko pertsonei, eta iaz 27 ibiltariko taldea osatzera iritsi ziren.
Horrenbestez, "ekimenaren gorakada eta arrakasta aztertu ondoren", programarekin jarraitzea erabaki du Udalak. Datorren asteartean, irailak 22, hasiko dira berriro Azpeitibili-ren barruko saioak. Maider Aizpuruaren gidaritzapean, astearte eta ostegun goizetan 10:00etatik 11:30era taldean oinez aterako dira parte-hartzaileak, Sanagustinpetik abiatuta. Parte hartu nahi dutenek, "ohiko ibiltariak edota orain hasi nahi dutenek", egun eta ordu horietan udaletxeko arkupetara azaltzea besterik ez dute egin behar.
Azpeitiko Udalak herritarrak ekimenean parte hartzera animatu nahi ditu. "Esperientzia polita izateaz gain, osasunerako oso ona baita ariketa fisikoa egitea. Arazo kardiobaskularrak eta gaixotasun koronarioak ekiditeko primeran etortzeaz gain, artikulazioak mugitzeko ona eta jendea ezagutzeko aukera paregabea da", adierazi dute Kirol eta Gizarte Zerbitzuetako sailetako arduradunek.