Zazpi eta erdiak aldean plazan argazki jendetsua aterata bukatu da 2015eko Azoka Herritik. Egitasmoaren hirugarren edizioaren egun nagusia izan da gaurkoa eta etengabea izan da mugimendua herriko Alde Zaharrean. Goizeko eskaintza zabalari segida emanez, arratsaldean ere batean eta bestean interes gunerik ez da falta izan. Goiztiarrenak herriko eragileen topaketan parte hartu dutenak izan dira. Batzuk kioskoaren aurrekaldean taldetxotan banatuta elkarren asmoak eta kezkak konpartitzen zituzten bitartean, beste batzuk plazaran bueltan jarritako postuetan eman dute beraien lanaren berri. Hor ere ez dira falta izan haurrei zuzendutako tailerrak, henna-rena edo kometena bezala. Bien bitartean, Done Jakue kalean, herriko kirol taldeen eskutik atletismoa, eskalada edota xakea praktikatzeko aukera izan dute gaztetxoek.
Plazara itzulita, arratsalde osoan ikusmin handia sortu dute Egaña gozotegikoek; izozkiak egin eta ondoren banatu egin dituzte plazan bertan, ilara luzeak sortuz. Ilarak egon dira, era berean, Sanagustinpean, Azpeitiko Argazki Elkartekoek bertan jarritako estudioan argazkiak atera nahi zituztenek osatuak. Musikak eta dantzak ere izan dute kabida aurtengo Azoka Herritiken azken txanpan, Juan Antxieta Musika Eskolak, Julian Barrenetxea Abesbatzak eta Dantza Suelto Eskolak elkarlanean prestatutako ikuskizunarekin. Eta Erdikalean eta plazan bertan, goizean bezala, izan da mugimendua merkatarien saltokien inguruan.
Horrenbestez bukatu da hirugarren Azoka Herritik, laugarrenaren zain.