Hirutik hiru irabazi eta taldeko lider

Lehen jardunaldian Santurtzi gainditu ondoren, joan den asteburuan Zarautzen eta Tolosan ere garaile izan zen Sammic ISB eta, horrenbestez, Euskal Koparen B multzoan nagusi izan da.

Sammic ISB taldeak Euskal Koparen aurre faseko partida denak irabazi ditu. Larunbatean Zarautzen kontra eta igandean Tolosaren aurka garaipena lortuta, B multzoaren buru bezala amaitu du ligaxka.

Zarautz 46 - 85 Sammic ISB

Zarauzkoa ez zen Sammic-en partida onenetakoa izan. Taldeak ez zuen entrenatzaileek nahi zuten bezain ondo jokatu eta ez zituen sentsazio onak transmititu. Zarauztarrek ez zieten Iraurgikoei emaitzan kezkarik eragin, baina gogoz eta aurpegia emanez jokatu zuten. Iraurgi atsedenaldira +15eko diferentziarekin iritsi zen, partida menperatuz, baina jokoaren kalitatea ez zen ona izan.

Atsedenaldiaren ostean taldeak itxura hobea eman zuen, bere jokoa inposatuz. Horrek azken bi laurdenetan izugarrizko kaltea eragin zien etxekoei, Sammic-ek ligako bigarren garaipena lortzen zuen bitartean. Zorigaitzez, Olander lesionatu egin zen eta, itxura denez, liga txapelketaren hasiera galduko du.

Goizeko 10:00ak ez da ordurik onena saskibaloi ona egiteko.

Fitxa

Partzialak: 12-20 / 16-21 (28-41) / 8-23 / 10-21.

Saskiratzaileak (Sammic): Skouen (14), Gutierrez (2), Oroz (7), Cirkovic (6), Maiza (6), Sarasola (2), Segurola (15), Jordan (11), Olander (5), Arenaza, Kovacevic (4).

Tolosa 49 - 69 Sammic ISB

IIgandean taldeak Tolosara bidaiatu zuen, Take taldearen aurka jokatzeko.

Partidaren hasiera aurreko egunekoaaren antzekoa izan zen. Lehen laurdena tamalgarria izan zen, jokoari dagokion alderdi guztietan. Etxekoek ezin izan zuten jokoaren kontrola aprobetxatu, haien saskiratzeak oso eskasak izan ziren eta lehen laurdena parekatuta bukatu zuten, 13na.

Bigarren laurdenean Iker Buenoren jokalariak defentsan ondo kokatu ziren eta partida menperatzera pasatu ziren. Erasoan, Skouen buru zutela, Sammic-ekoek zuloak irekitzea lortu zuten eta atsedenaldira 11 puntuko aldearekin iritsi ziren.

Atsedenaldiaren ostean, taldeak ez zion lan defentsiboari jarraipenik eman eta horrek kalte handia egin zion jokoari. Take taldeak bere minuturik onenak izan zituen tarte horretan. Hirugarren laurdena Sammic taldearentzat izan zen, baina tolosarrak izan ziren jokoaren agintea izan zutenak. Berriro ere jaurtiketen portzentaje txarrak sari barik utzi zituen etxekoak.

Azkenengo laurdenean, berriz, etxeko taldeak hauspoa galdu zuen defentsan. Iñigo eta Lander kantxaren jabe egin ziren; horiek izan ziren Iraugiren jokalari onenak laurden horretan. Errebote defentsiboan tinkoak izanda eta aurkakoen uztaipean saskiratzeak eginez, lasaitasuna iritsi zen emaitzan. Sammic-ek +20ko diferentzia lortu zuen partidaren bukaeran, baina Takek oso ondo jokatu zuen.

Lanean jarraitu beharra dago.

Fitxa

Partzialak: 13-13 / 9-20 (22-33) / 16-18 / 11-18.

Saskiratzaileak (Sammic): Oroz (6), Guridi (4), Gutierrez (6), Skouen (16), Segurola (8), Cirkovic (1), Sarasola (11), Maiza (5), Semple (10), Arenaza, Kovacevic (2).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide