Denboraldiko azken lasterketa irabazi du Oier Ibargurenek

Uztarria.eus 2015ko ira. 23a, 12:18

Oier Ibarguren, helmugan. (Gipuzkoako Txirrindularitza Elkargoa)

Larratxoko zirkuitoko XXXVIII. lasterketa irabazita bukatu du denboraldia Oier Ibarguren txirrindulariak. Parking Geltokia Zarauzko afizionatuen taldean lehiatuko da azpeitiarra datorren denboraldian, eta pistan zein mendiko bizikletan hasiko da, azaroan.

Larratxoko zirkuitoko XXXVIII. lasterketa irabazita bukatu du denboraldia Oier Ibarguren txirrindulariak. Zapatuan jokatu zuten azken proba, eta sprintean irabazi zuen lasterketa Atracciones Sanz taldeko ziklista azpeitiarrak. Euken Gallego (Laguntasuna) sailkatu zen bigarren eta Koldo Velasco (Andoaingo T.E.) izan zen hirugarrena.

Jubenil mailan azken denboraldia izan da Ibargurenentzat, eta bost lasterketa irabazi ahal izan ditu. Garaipenez gain, lau podiumetara igotzea lortu du eta txapeldunorde izan zen Gipuzkoako Erlojupeko Txapelketan. 

Txirrindulariak Urola Kostako Hitza-ri azaldu dionez, "pena pixka batekin" bukatu du denboraldia, "unerik onenean" amaitu zaizkiolako lasterketak: "Oraintxe nago sasoi onenean, eta agur esan behar". Hala ere, hurrengo urterako "motibatuta" dagoela esan du: "Fuerte egoteak indarrak ematen dizkit 23 urtez azpikoetan lehiatzen hasteko". Bestalde, eskerrak eman dizkio Lagun Onak txirrindulari elkarteari, orain arte bere kluba izan denari, urte hauetan guztietan emandako laguntza eta babesagatik.

Parking Geltokia Zarauzko afizionatuen taldean lehiatuko da azpeitiarra datorren denboraldian, eta pistan zein mendiko bizikletan hasiko da, azaroan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide