Hondakinen murrizketaz sentsibilizatzeko kanpaina abiatuko dute herriko 36 establezimenduk

Uztarria.eus 2015ko ira. 24a, 12:19

Dendarteaneko eta kanpaina abiatuko duten herrietako merkatarien ordezkariak kanpainaren aurkezpenean

Dendartean Gipuzkoako Merkatarien Bilkurak Dendartean eta denon artean zero zabor kanpaina jarri du abian. Gaur hasiko da kanpaina eta urriaren 15a bitartean egingo dute Azpeitian, Urretxu-Zumarragan eta Zumaian. 

2015. urtearen hasieran abiatutako bideari jarraituz, Dendartean eta denon artean zero zabor kanpaina jarriko du martxan Dendartean Gipuzkoako Merkatarien Bilkurak. Gaur hasiko da kanpaina eta urriaren 15a bitartean egingo dute, "herritarrak eta bezeroak hondakinak murriztearen garrantziaz sentsibilizatzeko". 

Azpeitian, Urretxu-Zumarragan eta Zumaian egingo dute kanpainaren bigarren fasea (lehenengoa Errenterian, Hernanin eta Ordizian egin zuten) eta Bi-Tartean eta Zumaiako merkatarien elkarteetako 136 establezimenduk hartuko dute parte. Horietatik 36 dira Azpeitikoak, 40 Urretxu-Zumarragakoak eta 60 Zumaiakoak.

Kanpainaren baitan panel informatiboak jarriko dituzte dendetan, hondakinak murrizteak duen garrantziaz jabetu dadin bezeroa. Gainera, kanpaina abian den hiru asteetan plastikozko poltsen ordez, poltsa konpostagarri-biodegradagarriak banatuko dituzte. Poltsa horiek bezeroak eskatuz gero soilik emango dituzte, eta telazkoa erabiltzea gomendatuko zaie bezeroei.

Horrez gain, bezeroei aholkuak emango dizkiete dendetako salmahaietan izango diren karteltxoen bidez. Bezeroak jarraibide horiek segitzen baditu, produktu ekologikoz osatutako hamar otarreren zozketarako txartel bat emango zaio. Kalean herritarrekin hartu-emanetan ariko dira kanpainaren sustatzaileak, eta erosketak denda txikietan egin dituztenei edo telazko poltsak-eta erabiltzen dituztenei opari txikiak banatuko dizkiete. Azkenik, hondakinen murrizketak duen garrantziaz jabetzeko eta horretarako dendariek egin ditzaketen pausoak ikasteko formazioa eskainiko die Dendarteanek establezimenduetako ordezkariei. Formazioa kanpainan parte hartzen duten establezimenduei ez ezik, gainerakoei ere zuzenduta dago. Merkatariak "zero zabor konpromisoa" hartzera bultzatu nahi dituela jakinarazi du Dendarteanek.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide