Duela 40 urte gisan, gaur ere, konponbidearen, bakearen beharrean gaude

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Azpeitia 2015ko ira. 25a, 15:02

Gure herriaren istorian egutegian markatuta geratu den eguna dugu 1975eko irailaren 27a ere. Gure herritarra zen Angel Otaegi fusilatua izan baitzen egun horretan. Frankismoaren azken biktimetako bat dugu Juan Paredes Txiki eta FRAPeko beste hiru kiderekin batera.

40 urte. 40 urte luze igaro dira ordundik. Hala ere, bakerik gabeko historiak 40 urte baino gehiago ditu. Azken 175 urteotan, gatazka bizi izan ez duen belaunaldirik ez du ezagutu Euskal Herriak. Herri honek, modu batean edo bestean, ondo asko ezagutzen ditu gatazka etengabean bizitzeak dituen ondorioak. Eta gaur ere egoera berean gaude. Orain ia lau urte, Aieteko Nazioarteko Bake Konferentzian, gatazkaren behin betiko konponbiderako aukera eta esperantza ireki zitzaizkion arren Euskal Herriari. 

Esperantzaz beteriko une haiek, ordea, oztopo eta traba ugari ezagutu dituzte: tamalez, herri honek bakean bizitzeko hartutako erabakiaren aurka. Hala ere, batzuk (espainiar zein frantziar Estatuek) ez dute bakerik nahi; gatazkan bakean baino erosoago sentitzen direlako. 

Bakea bakean biziz eraiki nahi duena da gure herria. Bakean bizitzea erabaki duena. Konponbiderik nahi ez dutenen aurrean, gatazka etengabean aritu nahi dutenen aurrean, hitza eta erabakia nahi dituena. Erabakia eta bakea. 

Ez dira txikira jokatzeko garaiak. Herri bezala hartutako erabakia, bakean eta askatasunean bizitzeko erabakia, muturreraino eramatekoak baizik. Abagune historiko honetan, beste behin, herri gisa jokatzeko erantzukizuna eta betebeharra dauzkagu. Ezin diegu hutsik egin bakea amets izatetik errealitate izatera igarotzeko hainbeste lan egin duten milaka eta milaka herritarrei. 

Horregatik, Euskal Herriari eta geure buruari hainbat deialdi egin nahi dizkiegu, zintzotasunetik eta tinkotasunetik. Lehena, jarrai dezagula bakearen bidean urratsak ematen, elkarbizitzan eta bakegintzan. Ez diezaiogun uko egin bakean behin betiko bizitzeko ametsari. Jarrai dezagun posible dela erakusten. Jarrai dezagun, bakoitzak guretik, dagokiguna eginez, herri bezala bakea eraikitzen. 

Bigarrenik, iraganean jazotakoaren memoria finkatzen joatea. Horretarako derrigorrezkoa da gertatutakoari buruzko egia ezagutzea. Bakerako Euskal Bideak jasotzen duen gisan, gatazkaren ondorioak jasan dituzten guztiek aitortza eta erreparaziorako eta gertatutakoa ez errepikatzeko bermea izan behar dutelako. 

Bestalde, datorren urriaren 3an Donostiako kaleetan 17:00etatik aurrera, Bakea, erabakia lelopean egingo dugun manifestazioan parte hartzera deitzen dugu. Bete ditzagun Donostiako kaleak bake eta askatasun egarriz. Bihur ditzagun Donostiako kaleak behin betiko bakera eramango gaituzten bide. Bihur ditzagun bideak pauso eta pausoak bide, Euskal Herriak, azkenean, gatazkarik ezagutuko ez duten belaunaldi berriei ongietorria egin diezaien.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide