Aurten indarkeria matxistaren ondorioz eraildako bosgarren emakumea da Euskal Herrian eta horrek amaierarik gabeko soka izaten jarraitzen du. Badakigu gure herrian edo aldemenekoan ere gertatu daitekeela, eta horrelakorik ez dugula nahi argi adierazteko beharrezkoa da denok kalera ateratzea, ekintza matxistarik txikienari ere gure mespretxua adieraziz.
Badakigu hilketak iceberg-aren punta baino ez direla eta oinarria sostengatzen duten eguneroko jarrera eta mezu matxistekin bukatu ezean, hilketak egoten jarraituko dutela. Berriro ere entzun dugu erasotzaileak arazo psikologikoak dituela, baina Almudenaren hilketa ez da erasotzailearen arazo psikologikoen ondorioa, indarkeria matxista zilegi duen gizarte ereduaren ondorioa baizik.
Indarkeria matxistari aurre egiteko errotik heldu behar zaio gaiari eta bere adierazpenik soilenari eta latzenari aurre eginez, kalera ateratzen jarraituko dugula azpimarratu nahi dugu. Hilketa eta indarkeria matxistarik gabeko herri bat nahi dugulako, herritar oro gaur, asteazkena, 19:00etan plazan egingo dugun elkarretaratzean parte hartzera deitzen dugu. Erasorik ez erantzunik gabe!