Denboraldi hasiera ona egiten ari zarete. Non dago gakoa?
Gakoa non dagoen jakin banu, aurreko denboraldian egin genuen hasiera eskasa ez genuen egingo. Dena den, egia da, ondo hasi garela, golak sartzen ari garela eta defentsan sendo gaudela, baina hemen egun batetik bestera dena aldatzen da. Beraz, ezin dugu zerbait lortu dugula pentsatu, salbaziorako behar ditugun 35 puntu urruti ditugu oraindik eta.
Maila hau gogorra dela esaten dute. Zer iritzi duzu?
Bai, Preferente Maila gogorra da eta erregularra izatea eskatzen du. Hirugarren urtea dut maila honetan eta oraindik ez dut lortu erregularra izatea. Lehen urtean, lenengo buelta bigarren bukatu genuen eta gero ia mailaz jaitsi ginen. Aurreko denboraldian, berriz, lehen bueltan azken bigarrenak ginen eta bigarren bueltan hirugarren talderik onena izan ginen. Denboraldi bukaera aldean, taldeek helburuak izaten dituzte eta edozein partida irabaztea oso zaila izaten da, denek asko izaten baitute jokoan.
Maila hau da zuen lekua?
Bai. Nik hala diot beti. Ikasberriren maila hau da eta hemen ahalik eta urte gehien egotea da helburua. Ondo hasten zarenean, ilusioak egiten dituzu, baina gu, Arrasate, Zumarraga, Bergara... klubetako lehen taldeekin ari gara lehiatzen eta hori sekulakoa da. Entrenatzaile batzuk asko kobratzen dute eta zenbait taldetan jokalariek ere primak dituzte. Guk, aldiz, fitxa geuk ordaintzen dugu, eta jokalariren batek urte ona egiten badu, inguruko taldeek interesa agertzen dute eta eraman ere egiten dituzte. Horiek taldearentzat baja garrantzitsuak izan arren, polita da jokalari horien hobekuntzaren parte sentitzea. Izan ere, gure lanak eragina duela pentsatzen dut, zerbait ondo egiten ari garela, eta goragoko mailetan presentzia dutela gure taldekide izan diren jokalariek.
Entrenatzaile gaztea zara. Nola daramazu zure adineko jendea entrenatzea?
Egia esan, oso ondo daramat. Nire adinekoez gain, zaharragoak diren jokalariak ere baditut taldean. Azpeitiarrak eta zestoarrak dira; kuadrilla bat gara; oso giro ona dago taldean; irabazi edo galdu, berdin dio; afariak eta poteoak batera egiten ditugu denok. Aipatzekoa da, ordea, jokalariek duten profesionaltasuna. Oraintxe beraien laguna dena, zelaian beraien 'agintaria' delako, beraiek eserita edo jokatzen jartzea erabakitzen duena. Gure erabakiak errespetuz hartzen dituzte eta taldeak gugan sinesten duela esango nuke. Hori garrantzitsua da.
Entrenatzailea hain garrantzitsua al da?
Bai. Entrenatzaileak garrantzia handia du maila hauetan. Handiak ikusi ditut, azkenak joatetik entrenatzailea aldatu eta bigarren bueltako onenak izaterainoko aldaketak. Ez dago esan beharrik jokalariek jokatzen dutela eta golak ere beraiek sartzen dituztela, baina talde batek funtzionamendua eta errendimendua izateko, entrenatzaileak gauza asko egin behar ditu ondo. Batzuetan jokalariek gutxiago laguntzen dute eta besteetan gehiago. Hori da gure kasua. Joanes nire laguntzailea ere garrantzitsua da niretzat. Aurten, atezainen entrenatzailea ere badugu eta sekulako lana egiten ari da atezainekin Mikel Altolagirre.
Denboraldi tarteetako jokalari aldaketak nolakoak izaten dira?
Gogorra. Oso gogorra. Klub 'txikia' bazara eta jokalari interesgarriren bat baduzu, joan egiten da eta beste bat ekartzea ez da erraza izaten. Hala ere, beti ditut gustoko jokalariak agendan eta gure proiektua aurkezten diet. Batzuetan gustuko izaten dute proiektua eta besteetan ez. Aurten, adibidez, hiru zestoar ekarri ditugu, Alex Altolagirre Lagun Onakeko Hirugarren Mailako jokalari ohia ere bai eta maila oneko beste jokalariren bat ekartzea ere lortu dugu Amaika Bat taldetik eta inguruetatik.
Talde txikia al zarete, baina.
Talde txikia ginen! Orain geroz eta handiagoa gara. Kirol elkarteko buruak zein gaztetxoen entrenatzaileak lanak ongi egin dituzte. Gainera, ia boluntarioak gara guztiok. Jendeak herriko bigarren taldea garela usten duen arren, niretzat, filosofian eta printzipioetan Gipuzkoako onenetakoak gara. Gaztetxoen gozamenari asko begiratzen diogu eta denbora, gure lanaren fruituak ekartzen ari da. Beti esaten dut, denborak bakoitza bere lekuan jartzen du.
Eta denboraldiari begira, aurtengo helburua zein da?
Joanesi esaten diot eta ados gaude, jokalari guztiak gustura izatea izan behar dugula helburu beti. Gu ezberdinak garelako. Adibidez, maila honetan partida guztietan bost aldaketa egiten dituen talde bakarra gara. Hori ez dute beste taldeek egiten. Batzuek aldaketa bat edo bi egiten dituzte, eta guk ez. Bestalde, esan beharrik ez dago, maila mantentzea lortu beharra dugula ahalik eta azkarren. Bi helburu horiek lortzen baditugu, gu gustura. Baina hirugarren bat ere bada, jubeniletan dauden gazteena. Horiei aukerak ematea gustatzen zait, gurekin jokatzea, garrantzitsuak sentiaraztea eta beraiek duten talentua jende aurrean erakusteko aukera izatea. Oso polita da gaztetxoak zure taldearen parte sentitzen direla ikustea. Aurten, esaterako, hiru jubenilek egin dute gurekin debuta dagoeneko eta oso harro sentitzen naiz. Gurasoentzat ere garrantzitsua izaten da askotan.
Aurrera begira zer asmo dituzu?
Aurrera begiratzeak eguneroko lanari kalte egiten dio. Larunbatean beste partida bat dugu eta hori prestatzen nahikoa lan daukat.