Duela bi urte ekin genion Dantza Jauzien proiektuari, Itsasi Kultur Taldeak, Sahatsa Dantza Taldeak, Ikasberriko Dantza Eskolak, Azpeitiko Kultur Mahaiak eta Sanagustin Kulturguneak elkarlanean. Hileko bigarren igandean egin izan dira aurreko urteetan, eta aurten ere hala jarraituko dugu.
Azken hamarkadetan Ipar Euskal Herrian tradizio handia izan duten Dantza Jauziek berpizkundea bizi izan dute, eta hegoaldeko herri askotan tradizio hori ikasteko saioak egiteari ekin zaio, tartean, Azpeitian. Dantzak zabaldu eta herritarrengana gerturatzea da hain justu egitasmoaren helburua, ikusteko ez ezik, gerturatu eta egiteko saioak izaten baitira.
Oro har, Alde Zaharrean egingo dira dantzak, Plazan Nagusian, Perez Arregi plazan edo Olazko Amaren Plazan (euria egiten duenetan Azpeitiko Sanagustin kulturgunean). Egitasmo honek, dantzaren sustapena bilatzeaz gain, Azpeitiko Alde Zaharra biziberritzeko ahalegin bat ere izan nahi baitu. Hala ere, ez dugu baztertzen herriko auzoetan ere antolatzea, esaterako bertako festak direnean. Badakizue beraz, animatu eta parte hartu!