Larrañaga bosgarren, Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkolari Txapelketako finalean

Urola Kostako Hitza eta Uztarria.eus 2015ko urr. 14a, 12:18

Larrañaga, Basauriko finalean. (E. Albizu Lizaso)

Floren Nazabalen ordez lehiatu zen finalean azpeitiarra. Izan ere, nafarrak, gerriko mina tarteko, uko egin zion finalean aritzeari. Aitzol Atutxa nagusitu zen finalean, bigarren urtez jarraian.

Mikel Larrañaga azpeitiarrak bosgarren egin zuen Euskal Herriko Maila Nagusiko Aizkolari Txapelketako finalean. Astelehenean jokatu zuten finala, Basaurin (Bizkaia) eta Aitzol Atutxa izan zen onena, bigarren urtez jarraian. 42 minutu eta 36 segundo behar izan zituen Atutxak lanak bukatzeko. Jon Irazuri, bigarren sailkatuari, lau minuturen aldea atera zion, eta bost minutu baino gehiagokoa Joxemari Olasagastiri.

Mikel Larrañagak (Azpeitia, 1989) 51 minutu eta 55 segundoan amaitu zituen lanak. Finaleko aizkolari gazteena zen azpeitiarra. Gainera, aurten igo da Euskal Herriko bigarren mailatik lehenengora. Ez zuen finalerako txartelik lortu Larrañagak, baina Floren Nazabalen ordez aritu zen, nafarrak, gerriko mina tarteko, uko egin ziolako finalean lehiatzeari.

Sailkapena eta denborak

  1. Aitzol Atutxa: 42:36
  2. Jon Irazu: 46:35
  3. Joxemari Olasagasti: 47:58
  4. Iñaki Azurmendi: 48:20
  5. Mikel Larrañaga: 51:53
  6. Joseba Otaegi: 51:55

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide