Azpeitiar arraza osagai

Uztarria.eus 2015eko urriaren 16a

Martin Berasategi eta Gabriela Olazabal lau seme-alabekin: Martin -aitaren alboan-, Andres, Manolo eta Olatz.

Maisua da su-artean eta horren lekuko dira lortu dituen izar eta diamante pila. Munduan ezaguna da Martin Berasategi sinadura eta arrakastaren atzean dago Azpeitia, sustraiak hemengoak baititu.

Sukaldaritzan zerua ukitzera iritsi den maisuak Azpeitian ditu sustraiak. Aita zena –Martin hura ere– Urrestillako Makibar baserrian jaio zen eta ama, Gabriela Olazabal, Elosiaga auzoko Potzuetan. Aita harakina zuen eta ama sukaldean eminentzia. Baserria utzi eta bikote gaztea Donostiara joan zen, etorkizun hobearen bila. Bi harategi ireki zituzten eta Bodegon Alejandro ostatua.

Bodegoia izan zen Martin Berasategiren (Donostia, 1960) unibertsitatea eta su artean irakasleak ama eta izeba Maria izan zituen. Berasategik dio umetatik bizimodua ostatuan egiten zuela, etxera lotara baino ez zela joaten. "Mutil koskorretan esan eta esan jarduten nuen sukaldaria izan nahi nuela. Labearen ateak ireki eta hegaztiak, haragia, arraina... erretzen entzutea eta usaintzea sekulako ikuskizuna zen ni bezalako sukaldeko akolito batentzat. Astean behin jai izaten nuen ostatuan, eta goizean 04:30ean esnatu eta Frantziara joaten nintzen gozogintza ikastera, 17 urterekin. Urrestillako Zuolako Inazio Odriozolak eramaten ninduen".

Gurasoak eta 'tia Maria' "oso langileak" ziren. "Lantzen zuten guztia pertsonalitate handiz egiten zuten. Lanean disfrutatzen zuen jendea zen, umilak, profesionalak. Haien aprendiza izanik, haien lana egiteko diziplina eta modua dira odolean ditudanak".

Sustraiak ahaztu gabe

"Koheteak bezala" hedatuz doa mundu zabalean Martin Berasategi sinadura. Michelin izar gehien jaso duen sukaldaria da –zazpi, guztira– eta Espainian diamante gehien lortu duena. "Sukaldeko eroa naiz, profesional bezala izan naitekeen onena, baina pertsona bezala betiko Martintxo izaten jarraitzen dut. Arrakasta horren atzean, urteetako harrobi lana dago. Elkar ondo ezagutzen duten lantaldeak ditut mundu osoan. Gaur naizena izatera gurasoei esker iritsi naiz".

Ez ditu ez ahazteko bere jatorriaren sustraiak. "Makibarko eta Potzuetako usainak gogoan ditut. Makibarko amamak sekulako ogia eta esne-gaindun bizkotxoa egiten zituen. Maitea dut hango familia. Urrestillako Joxe Mari Atxuiya eta Nuarbeko Erreiruko Inazio Mari Berasategi lehengusuak lagun handiak ditut. Kontxako estropada elkarrekin ikusi genuen, hamaiketakoa eginez".

Motzean

Galtzeko txokoa?

Donostia.

Eguna alaitu zerk?

Emaztearen eta alabaren irribarreek.

Zerk tristetzen?

Munduko agintariek zentzu komuna izan ez eta egunero entzuten ditudan albisteek.

Zure bertutea?

Eskuzabaltasuna.

Eta akatsa?

Guztiekin fidatzen naiz.

Besteengan estimatzen duzuna?

Autentikoa izatea.

Eta gorrotatu?

Inbidia, bekaizkeria.

Haserretu zerk?

Inoiz beraiekin kafe bat hartu gabe gaizki esaka aritzeak.

Beldurra zeri?

Heriotzari.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide