Azaroaren 2an hasiko da Josu Urbieta Pow azpeitiar presoaren aurkako epaiketa Parisen (Frantzia). Haren senideek eta lagunek Parisera joateko aukera desberdinak aztertu dituzte bertaratzeko asmoa duten herritarrekin. Frantziako hiriburura joateko erabiliko duten garraiobidea zehazteke baldin badute ere, astelehen gauean (azaroaren 2an) edo astearte goizean abiatu eta astearte iluntzean itzuliko dira Azpeitira. Epaiketara joan nahi dutenek ahalik eta azkarren izena eman beharko dute Orkatz kultur elkartean.
Azaroaren 3an, asteartea, Parisko epaitegian konponbidearen aldeko mezua zabaldu eta epaiketekin behin betiko amaitzeko aldarrikatuko dute bertaratzen direnek. Beste bost lagunekin batera epaituko dute Urbieta eta bost astez luzatuko da epaiketa. Ondoren, abenduaren 3an jakinaraziko dute epaia.
2010eko ekainean atxilotu zuten Urbieta Frantzian, eta La Santeko kartzelan preso egon ostean, Potiers-Vivonne kartzelara aldatu zuten joan den urtean; etxetik 486 kilometrora dago egun. 2012ko azaroaren 7an epaitu zuten Urbieta Parisen, eta ETA erakunde armatuko logistika militarreko kide izatea leporatuta, bost urteko espetxe zigorra jarri zion epaileak azpeitiarrari. Orain berriz epaituko dute Urbieta, beste delitu batzuk egotzita.
Duela bi aste Josu Urbietaren gutuna argitaratu zuen Deserriko Hitzakek webgune honetan.